euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak lau eguneko bira hasiko du bihartik aurrera Galizian

2008/07/30

Bihartik igandera bitartean lau kontzertu eskainiko ditu Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak Galizian
Bihartik igandera bitartean lau kontzertu eskainiko ditu Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak Galizian

PUBLIZITATEA

Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak lau kontzertu eskainiko ditu Coruña eta Pontevedrako zenbait herrietan bihar hasiko duen bira galiziarraren barruan. Talde bizkaitarrak 1997tik darama ekintza udako itzuli hau egiten. Amagoia Loroño zuzendariak taldearen errepertorio zabaleko obra onenetarikoak bildu ditu bihartik igandera bitartean eskainiko duten programarako. Soinujoleek melodia unibertsalak eta obra herrikoiak eskainiko dituzte, opera eta zarzuela bezalako generoak, euskal eta galiziar kantak, eta espainiar geografiako zenbait lurraldeetako kantak ere luzatuko dizkiete entzuleei.

Coruña, Galizia. Bihar bertan hasiko da Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak Galiziako zenbait herritan gauzatu behar duen emanaldi bira laburra. Lehenengo geldialdia Muros-en egingo du, 22:30etan, herriko Curro da Praza-n. Biharamunean, euskal soinujoleak Sadara abiatuko dira, Coruña probintziatik atera gabe, Kultur Etxeko Auditorioan kontzertua emateko 20:30etatik aurrera. Larunbatean eta igandean ikuskizunak Marin eta Bueun izango dira, hurrenez hurren, biak Pontevedra probintzian. Horietako lehenengoa, Maringo Zumardian izango da eta bigarrena Praza do Concello-n.

Orkestrak aurkezten duen instrumentua, akordeoia, talde sinfoniko batean oso gutxi erabiltzen den instrumentua da, baina taldekoek adierazten dutenez, euren "musikariek bat baino gehiago harritzen duen sonoritate handi eta ezberdinak sortzen dituzte jotzen dituzten melodietan". Euskal Herrian eta Galizian aritzeaz gain, musikariak Madrilen zein Espainiako zenbait tokitan, eta Alemania, Polonia eta Kolonbian ere aritu dira, besteak beste.

Amagoia Loroño Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko zuzendaria
[Amagoia Loroñok hamar urte daramatza Orkestrako zuzendari. Akordeoi solista bezala ere ibilbide luzea eta garrantzitsua du]

Amagoia Loroño Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko zuzendariak hamar urte daramatza musikari bizkaitarrekin lanean eta era honetako talde batean dabiltzan emakume bakarrenetakoa da. Orkestrak bederatzi disko kaleratu ditu orain arte. Azkeneko biak RTVE Música izen handiko diskoetxearekin editatu ditu, produkzio-etxe espainiarrak akordeoiekin ekoiztu dituen lan bakarrak hain zuzen ere.


Lotura interesgarriak

Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa
www.bilbaoacordeon.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia