Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bigarren urtez, bi hautagaitza lehiatuko dira FEVAko lehendakaritza eskuratu nahian, martxoaren 20ean

Bigarren urtez, bi hautagaitza lehiatuko dira FEVAko lehendakaritza eskuratu nahian, martxoaren 20ean

Nahiz eta hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 28ra arte ez den itxiko, eta beraz ordura arte gauzak alda badaitezke ere, badirudi azkenean bi hautagaitza lehiatuko direla aurten ere FEVAko lehendakaria eta beste zenbait kargu hautatzeko tenorean, federazioak datorren martxoaren 20an Buenos Airesen egingo duen Ohiko Bitzar Orokorraren baitan. Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakari den Ricardo Basterra, zerrenda ofizialistaren izenean, eta Cordobako Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martín dira egun Felipe Eiheragibel rosariotarrak betetzen duen kargua lortzeko lehiatuko direnak.

Buenos Aires, Argentina. Hauteskunde urtea daukagu 2010. hau FEVA edo Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuna euskarazko izen historikoa daraman Argentinako Euskal Etxeen Federazioan. Federazioko lehendakaritza bi urtean behin berritzen den kargua da eta duela bi urte --ohikoaren kontra, zerrenda bakarra aurkeztu baita azken urte luzeetan-- elkarrekin lehiatu ziren bi zerrenda aurkeztu ziren orduan lehendakari zen Mariluz Artetxeren ordea hartzeko, ofizialista edo jarraikorra, Felipe Eiheragibel buru, eta alternatiboa, Alejo Martin buru. Oso tarte eskasarengatik irabazi zuen ofizialistak eta Felipe Eiheragibel eta bere zerrendak heienganatu zituzten lehian ziren karguak (ikus azkenean karguak).

Aurtengoan, berriro ere bi zerrenda lehiatuko direla ematen du. Gauden tenore honetan, bi zerrenda edo taldeetako kideek batasunaren aldeko deiak luzatu dituzte, zerrenda bateratu bat adostera deituz, baina ez dirudi inor lehendakaritza bestearen eskuetan utzi nahi duenik. Dena den, hori beranduenez otsailaren 28an argituko da, egun hori baita FEVAko estatutuaren 34. artikuluaren arabera osatutako hautagaitzak aurkezteko azkeneko eguna.

Proposamen berririk ez badago, bi hautagaitzetako buruak FEVAko egungo diruzaina den Ricardo Basterra eta Alejo Martin izango dira, hurrenez hurren, biak Buenos Aires probintziatik kanpokoak (egungo Felipe Eiheragibel ere hala da, baina hurbilagokoa, Santa Fe probintziako Rosariokoa): La Pampako hiriburu den Santa Rosako 'Zelaiko Euskal Etxea'ko lehendakaria da Ricardo Basterra (egun FEVAko diruzaina) eta Cordoba probintziako hiriburu den izen bereko hiriko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeko lehendakaria Alejo Martin.

FEVAk martxoaren 20ean Buenos Airesko 'Laurak Bat' Euskal Etxean goizeko 9:30etatik aurrera egingo duen bileran, iazko txosten eta balantzeak onartzeaz gain, beste honako karguak berrituko dira lehendakariarenarekin batera: idazkaria, diruzaina, lau batzordekide eta hiru kontu ikuskatzaile.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita