euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bermeo eta Miami elkarturik Joseba Andoniren alde: larunbatean ekitaldi solidarioa Talan

2014/07/17

Joseba Andoniren ama Eneritzen kuadrila da Bermeoko ekimenaren sustatzailea
Joseba Andoniren ama Eneritzen kuadrila da Bermeoko ekimenaren sustatzailea

PUBLIZITATEA

Miamiko Euskal Etxeak egin zuen bezala, Bermeoko lagun talde batek ere Joseba Andoni Larrazabal mutikoaren aldeko kanpaina jarri du abian, zortzi urteko gazteak behar duen tratamendua egin ahal izateko dirua eskuratzeko. Joseba Andonik istripua izan zuen piszina batean hamaika hilabetekin eta ia-ia ito egin zen. Horren ondorioz konbultsioak eta garapenean atzerapena izan du. Familia Miamin bizi da duela urte batzuk, bertan tratamendua ari baitzen jasotzen. Orain tratamendu berrirako behar den dirua biltzeko mobilizatu dira Miami eta Bermeoko lagunak. Hurrengo hitzordua Bermeoko Talan, etzi!

Bermeo, Bizkaia. Larunbat honetan, Bermeoko Talan egingo den Paelladan, Joseba Andoni mutikoaren aldeko kamisetak jarriko dira salgai, Miamin bizi den bakiotar honi laguntzeko dirua biltzeko helburuarekin. Ekimenaren sustatzaileak bere ama Eneritzen kuadrilako lagunak dira, eta ahalegin honetan laguntzeko makina bat plan eta ideia dituzte prest. 

Joseba Andonik istripu larria izan zuen hamaika hilabete zituenean eta piszina batean itotzear izan zen. Horrek ondorio larriak utzi zizkion: garunean kalteak, garapenean atzerapena eta konbultsioak. 2007an familia Floridara joan zen bizitzera, umeak hango Miami Children's Hospital-ean tratamentu berezia jasotaseko. Harrezkero umea, haren anaia Enaitz, Eneritz ama, izeba, amona eta lehengusuak, denak, Miamiko Euskal Etxearen parte eta kide bilakatu dira.

Baina, Joseba Andonik zortzi urte betetzean Miami Children's Hospital-eko programatik kanpo geratu da. Hori dela eta familiak beste bide bati ekitea erabaki du eta ama-zelulak baliatzen dituen tratamentu berri bat hasi nahi du. Tratamendu hori, baina, oso garestia da: 70.000 dolarrekoa. Hori dela eta Miamiko euskal etxea eta amaren Bermeoko lagunak buru-belarri ari dira laguntzen.

"Behin batean ideia oso txikia zena, elur bola bat bezala haunditu egin zen, eta guk pentsatu genuana baino handiago egin da", esan dio EuskalKultura.com-i kuadrilako kide Jaionek. "Egun baten pentsa genuen, Bermeoko ermitetako mendi martxara, Josebaren aldeko niki batekin joan behar genuela. Gure txapeldunak senti dezan bere herrian ere, berarekin gaudela. Zein izan zen gure sorpresa, ermiten martxan geundela, jentea hasi zitzaigun galdetzen ia nor zen Joseba eta zer gertatzen zitzaion".

"Jendearen ahoz-ahoz bitartez, kuadrilako baten dendara hasi ziren joaten, galdetzen zelan erosi  behar diren nikiak eta zenbat kostatzen ziren. Hau dena kartelik edo erreklamorik jarri gabe. Gure asmoa Madalen egunean nikiak gure eskuetan egotea eta gende guztia niki hauekin kalea urdin mahoiz egotea", gehitu du Jaionek.

Joseba Andoniren aldeko kamiseta solidarioak salgai daude, 8 eurotan Bermeoko Haiek Fatu fruta eta barazki dendan lor daitezke (Aurrekoetxea kalea, 2, San Juan Arkupean), telefono hauetara deituz (94 465 58 44 -  638 37 13 32) edo e-mail honetara idatziz: juntosporjoseba@gmail.com.

Horrez gain taldeak beste zenbait ekimen egingo ditu:

-Larunbat honetan Bermeoko Talan Paellada lehiaketan parte hartuko dute Joseba Andoniren izenarekin eta nikiak bertan jarriko dituzt salgai.

-Uztailak 27an Bermeoko Euskadiko Marmita lehiaketan gauza bera egingo dute.

Taldeak baditu buruan beste zenbait ekimen ere eta datozen asteetan aurkeztuko ditu. "Badakigu Bermeoko jendea beti izan dela oso solidarioa, eta horregatik ziur gaude hau ez dela izango egun bateko gauza eta euren laguntza izando dugula. Nahiz eta krisi denboran egon Bermeoko biztanleria gauza hauetarako esku zabala da, eta uste dugu denon artean zeozer lortuko dugula Joseba Andonirentzako", amaitu du Jaionek.

Bermeoko kanpainari buruzko informazio gehiago, hemen

Miamiko Euskal Etxearen kanpaina: "United for Joseba Andoni".

Mila esker parte hartzaile guztiei.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia