Hemen zaude: Hasiera Albisteak Berlingo Euskal Etxeak hiriko Gernika Plazan omenaldia egingo du, 1937ko bonbardaketaren egun eta ordu berean

Berlingo Euskal Etxeak hiriko Gernika Plazan omenaldia egingo du, 1937ko bonbardaketaren egun eta ordu berean

2012/04/23

Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai Berlingo Euskal Etxeak, eta hilean zehar jarduera ugari egin eta gero, ostegun honetan burutuko du ekitaldi nagusia, apirilaren 26ean, naziek bizkaitar herria erasotu zuten egun berean. Omenaldia Berlingo Guernica Platz izeneko enparantzan egingo da, bonbardaketa gertatu zen ordu berean. Euskal Etxeak alemaniar elkarteen parte hartzea lortu du eta ekitaldian plazaren inguruko elizek kanpaiak joko dituzte.

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxea buru belarri dabil hil honetan Gernikaren 75. urteurreneko ekitaldietan murgilduta: iragan astean, adibidez, Emilio Majuelo historialaria ekarri zuen hirira, "Memoria Historikoa Euskal Herrian eta Espainian" gaiari buruz mintzatzera. Zinea ere izan da azken egunetan ikusgai, "Gernika. Bonbardaketa" eta "Bizi naizen lekutik" dokumentalekin.

Aste honetan segida izango dute ekitaldiek. Etzi, Benjamin Inal adituaren berbaldiak itxiko du hitzaldi-zikloa. Inal-ek Gernikako bonbardaketak arteetan izan duen oihartzunaz hitz egingo du. Berlingo elkarteko Unai Lauzirikak EuskalKultura.com-i agertu dionez, Inal-ek "proiekzio eta irudi bidez Alain Resnais, Bernardo Atxaga, Vazquez Montalban, edota Picassok gertakaria nola kontatu eta berrinterpretatu zuten" azalduko du. "Era horretara erakutsiko digu belaunaldiz belaunaldi nola joaten den gertakari bera berrinterpretatzen eta balioa aldatzen, eta arteek zein garrantzi duten horretan, memoriaren sorreran eta moldaketan", gehitu du.

Omenaldia Guernica Platz-en

Ekitaldi nagusia apirilaren 26ean bertan egingo da; hain zuzen ere, bonbardaketaren 75 urte betetzen diren egunean. Erasoa gertatu zen ordu berean Berlingo Euskal Etxeko kideak eta hiriko zenbait elkarte Guernica Platz delako enparantzan bilduko dira. "Auzoko alkatetzak lagunduko digu ekitaldian eta inguruko lau elizek kanpaiak joko dituzte batera ordu horretan gertakaria gogorarazteko", azaldu du Lauzirikak.

Aipagarria da Berlingo Euskal Etxeak alemaniar hiriburuko zenbait elkarteren sostengua eta partehartzea lortu duela (eliza bat eta nazien biktimen elkarte den sare antifaxista garrantzitsu bat).

-Hona Argia astekariak euskal etxeari buruz iragan astean argitaratu zuen erreportajea

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita