Mexikoko baztandarrak Baztango Eguneko jaian bildu dira aurten ere, A gripearen arazoak gaindituta
Azkenean joan den asteburuan izan da. Aurten ere Mexikoko baztandar komunitatea DFko Euskal Etxean bildu zen bailara nafarraren eguna ospatzeko. Aurten jaia bi asteko atzerapenarekin egin behar izan dute, A gripeak Mexikon sortutako arazoak direla eta. Horiek gaindituta, baztandarrak eta baztandarren lagunak --asko dira hauek ere-- bat egin zuten janari on, musika eta giro alaiaz gozatuz..
Mexiko DF, Mexiko. Berandu baina hitzorduarekin hutsik egin gabe, horrela heldu da aurtengo Mexikoko Baztango Eguna, herrialde honetako euskal komunitatearen jai ospetsuenetako bat. Jai honek urtero urtero ehundik gora baztandar edo baztandarren ondorengoak biltzen ditu DFko Euskal Etxean eta euskal komunitateko kide askok bat egiten duten beraiekin.
Aurten jaiaren antolatzaileek A gripearen izurriteak sorturiko arazoak gainditu behar izan dituzte lehenik, aste luzeetan jarduera normal asko etenda egon direlako Mexikoko hiriburuan eta ezin izan direlako jende multzo handiak bildu. Arazoak gainditu ostean jaia maiatzaren 17an ospatu zen, ohiko maiatzaren 1ean izan ordez. Jendea gogotsu zegoen eta aurten ere Euskal Etxeko frontoia jendez lepo egon zen, Maricarmen Arrecheak, jaiaren antolatzaileetako batek azaltzen duenez.
Meza, aurreskua eta bazkari baztandarra
Eguna 'jaieko apaiz ofiziala' den Alfonso Andueza nafarrak gidatu zuen meza elizkizunarekin hasi zen. Mezan urtean zehar joan ziren komunitateko kideak gogoan izan zituzten eta gaixoen alde eskatu zuten. Elizkizuna 'alaia eta ospatsua' izan zen, azaltzen du Arrecheak, 'umeek egindako jostailu eskaintzagatik, Edurne Zugarramurdi Arrechea gazteak egin zuen Aurreskuarekin eta Baztango mezetako kantu tradizionalei esker'.
Elizkizunaren ostean bazkaltzeko ordua heldu zen eta partehartzaileek Baztango bailarako jaki tipikoak dastatzeko aukera izan zuten: Zuri ta beltz, Baztanzopak, Piperrada, Arkumea txilindron erara, Haragi egosia piparrekin eta Sagar tarta izozkiarekin.
Eskertzak
Bazkalostean jaiaren antolatzaileek urtero jaia prestatzen laguntza eskaintzen duten kideei eskerrak eman zizkioten, Alfonso Andueza apaizarekin eta Luis Antonio Barberenarekin hasiz. Antolatzaileek bereziki aipatu zituzten beste laguntzaileak honakoak izan ziren: Alejandro Rivera De la Fuente gaztea, aurtengo jaiaren kartelaren diseinatzailea, eta Juantxo Viguria eta Lander Santamaría, 'internet bidez Baztan bailarekin zerikusia duten berriak emateagatik'.
[Mexikoko Euskal Etxeko frontoia bete egin zen Baztango Egunera bildu ziren lagunekin (argazkia M.Arrechea)]
Jarraian Luis Antonio Barberena musikariak hartu zuen eszenatokia eta bere akordeiarekin giro alaia jarri zuen arratsalde osoan zehar. Jaia gau parteraino luzatu zen eta aurten ere 'recalentado' delakoa egin zuten: indarrak berreskuratzeko piperrada ogitarteko goxoak banatuz.



Mexikoko baztandarrak Baztango Eguneko jaian bildu dira aurten ere