Hemen zaude: Hasiera Albisteak Baietz, euskal tresna tradizionalak egiten, jotzen eta erakus/irakasten dituen talde euskal argentinarra

Baietz, euskal tresna tradizionalak egiten, jotzen eta erakus/irakasten dituen talde euskal argentinarra

Agustín Alonso, José Noé Fernández, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrak Cordoba probintziakoak dira, musikariak, eta zaletasun bera daukate: euskal musika tradizionala. Beren kabuz hasi ziren ikasten, ikertzen eta Argentinan aurkitzen ez diren euskal musika tresnak egiten. Denboraren poderioz, zaletasun hori areagotuz joan da eta talde bat sortzera ekarri ditu: Baietz taldea. Taldeak oso leku berezia du Gure Txokoa Córdobako Euskal Etxean eta kideak gogor ari dira lanean, euren zaletasuna Diasporako beste hainbat euskal etxe eta herritan ere ezagutarazteko.

Córdoba, Argentina. 'Lagun-talde bat gara Baietz ensamble-a osatzen dugunok. Taldea sortu aurretik ezagutzen genuen elkar eta gero taldeak indartu egin zuen harreman hori', azaltzen dio Gaspar Jaurenak EuskalKultura.com-i taldearen aurkezpena egitean. Aurkezpen horretan begi bistan geratzen da Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeak taldearen bizitzan oso leku berezia duela: 'Euskal etxera hurbildu ginenean, arrazoi ezberdinengatik egin genuen; José Fernández, esaterako, euskara ikastera etorri zen; Fernando Zabalzak betidanik hartu izan du parte erakundean; Agustín Alonso, txalaparta jotzen ikastera hurreratu zen; eta nire kasuan, euskara ikastera hurbildu nintzen lehendabizikoz euskal etxera, gero dantzak ere egin nituen eta orain musikari eskaintzen diot ia nire denbora osoa. Franco Seghesso geroago bildu zen taldera eta berehala hasi zen silbotea jotzen. Gure Txokoa elkartzen garen eta elkartzen gaituen lekua da. Etxekoak sentitzen gara, kideek primeran tratatzen gaituzte eta horrek bultzatu egiten dute gure lana'.

-Nola hasi zineten euskal musika tradizionala jotzen?

Duela bi urte euskal etxean txistu bat baino ez zegoen. Irakasteko tailer bat martxan jartzeko nahian genbiltzanez, beste hiru erosi genituen. Horrela hasi ginen gu geu ere ikasten. Euskal Herriko kulturarekiko daukagun estimua handia da, batzuk aitona-amonak euskaldunak dauzkagulako. Baina hemen badago topiko bat: 'euskalduna izateko harrotasuna', eta gure engaiamendua haratagoa doa. Baietz, bi urteko ikerketa baten emaitza da, eta ikerketa horren bidez, Argentinan gutxi garatuta zeuden Euskal Herriko soinuak aurkitu ditugu. Bi urte hauetan musika asko entzun dugu, eta tresnak sortzen eta jotzen ere ikasi dugu. Dagoeneko txalaparta, alboka, txistua, txirula, kirikoketa, tabala, burrunak, ttarranuelak eta beste tresna batzuk jotzen ditugu.

-Zaila ala erraza izan da ikas-prozesu hori?

Ezin dugu esan zaila izan denik. Arlo guztietan gertatzen den bezala, zailtasuna edo erraztasuna zeuk jartzen diezun konpromisoaren araberakoa da. Beste alde batetik, bakoitzak ikasteko bere erritmoa dauka eta hori errespetatu egin behar da. Dena den, guk talde bezala egiten dugu lan eta tresna bat geureganatzen dugun bakoitzean, berehala hasi gara pentsatzen zein besterekin jarraituko dugun. Hori dela eta, jadanik hogeita hamarretik gora tresna ditugu.

-Taldea sortzeko garaian, Euskal Herriko talderen bat eredu gisa hartu duzue?

Eredu gisa ez, baina bai hango klasikoak eta baita ere talde modernoagoak entzutea gustukoa dugu, Isidro Ansorena, Sabin Bikandio, Leon Bilbao edo Ibon Koteron batzuk aipatzeagatik. Juan Mari Beltranengandik, esaterako, asko ikasi dugu, bere musikagatik eta berak egindako ikerlanengatik ere bai.

-Diasporan, ba dakizue badagoen zuena bezalako beste talderik?

Egiari zor, ez dugu ezagutzen gure ezaugarriak dituen beste talderik. Hau da, errezitalak emateaz gain, guk gure tresnak egiten ditugu, tailerrak ematen ditugu eta baita kontzertu pedagogikoak ere.

-Zer nolako jendea etortzen zaizue kontzertuetara?

Soinuarengatik eta sinpletasunarengatik euskal musika tresnak oso erakargarriak dira jendearentzat. Horregatik jende asko etortzen da emanaldietara, euskal etxekoak baino gehiago, euskal etxearekin harremanik ez duen jendea biltzen zaigu. Eta hori garrantzitsua da oso guretzat. Dena den, jaio berriak gara eta oraindik ibiltzeko bide luzea daukagu. Gure asmoa da Argentina osora zabaltzea gure musika.

-Eta zer beharko luke Argentinako edo, zergatik ez, hemendik kanpoko euskal etxe batek taldea jotzera gonbidatzeko?

Baietz-en proposatzen ditugun emanaldiak euskal etxe bakoitzaren egoerara egokitu daitezke. Kontzertu bat emateko, espazio eta musika-ekipo baldintza minimo batzuk betetzea besterik ez. Tailer bat ematea nahi badute, ikusten dugu zer dagoen euskal etxean eta horrekin antolatzen dugu. Gurekin kontaktuan jartzeko e-mailu bat bidali behar da baietz.baietz@hotmail.com, edo bestela, Gure Txokoa Cordobako euskal etxera deitu [54 351 4265695].

-Diskoren bat grabatzeko aukera izan duzue?

Oraindik ez. Jendeak galdetu egiten digu baina oraingoz zuzenean entzun beharko digute. Alabaina, uste dut laster lortuko ditugula grabatzeko behar ditugun baliabideak. Momentuz, ikasten jarraitu behar dugu; grabaketarena urrats berri bat izango da.

-Zuzenean ikusteko, non eta noiz?

2009. urterako hamar kontzertutako ziklo bat prestatu dugu hemen, Cordobako euskal etxean egiteko. Orain arte lau eman ditugu, bakoitzean musika tresna berezi bat gailentzen. Abuztuan jarraituko dugu zikloaren bigarren zatian eta saio bakoitzean euskal herrialde bakoitzeko musika joko dugu. 21ean Gipuzkoako musikarekin hasiko gara. Irailaren 11an, berriz, Bizkaiko musika interpretatuko dugu. Urriaren 16an, Nafarroako eta Arabakoa izango da protagonista; azaroaren 13an, berriz, Iparraldekoa eta azken kontzertua, Euskararen Eguna ospatzeko izango da, abenduaren 4an egingo den jaian.

-Zergatik 'Baietz'?

Hitzaren esanahiagatik. Izen horrekin adierazi nahi dugu nahiz eta Euskal Herritik urruti izan, eta bidean oztopoak aurkitu Argentinan euskal musika tradizionala egin daitekeela, eta orohar, Euskal Herriko kultura zabaltzeko gauzak egin daitezkeela. Beste era batean esanda, geure burua eta orokorrean jendea animatzeko era bat da.

Lotura interesgarriak

Gure Txokoa Córdobako Euskal Etxea
www.centrovascocordoba.com.ar

 

txalaparta

ane — 2010/03/03 16:17
nola jotzen da txalaparta?

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita