euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australiako Euskal Pilota Federazioak (AFBH) interneterako jauzia eman du bere webgune propioa zabalduz

2010/05/18

Australiako Euskal Pilota Federazioak zabaldu berria duen webgunearen azala. Oraingoz ingelesez eta gaztelaniaz dago soilik, horiek baitira Josetxo Larrazabalek menperatzen dituen hizkuntzak.
Australiako Euskal Pilota Federazioak zabaldu berria duen webgunearen azala. Oraingoz ingelesez eta gaztelaniaz dago soilik, horiek baitira Josetxo Larrazabalek menperatzen dituen hizkuntzak.

PUBLIZITATEA

'Australian Federation of Basque Handball' delakoak (AFBH, Australiako Euskal Pilota Federazioa) tresna berria ezarri du bere barne bizitzaren eta oro har euskal pilotak Australian izan duen historia, bizi duen momentua eta erakarri nahi duen geroaren berri partekatzeko Australia bertako zaleekin, baina baita ere mundu osoan euren errealitate eta apustu edo pario horretan interesa izan dezaketen guztiekin. Federazioko presidente den Josetxo Larrazabalek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, webgunea "egiazko biltoki bilakatu nahi dugu, bidea erraztuz munduko edozein lekutik geure berri segitu nahi dutenei, Euskal Herritik urrun bagaude ere geure pilotazaletasuna eta euskal kirolik nazioartekoena den pilotaren aldeko geure ahaleginaren partaide egin nahi baititugu gainerako lekuetako pilotazaleak oro".

Townsville, Australia. Federazio apala da, baina argi dago orainari segida egokia eman nahi diotela eta horretarako, pentsatu dute ezinbestekoa dela gaur egun sarrera zuzena izatea interneten, are gehiago Australiaren kasuan bezala lurraldearen aldetik elkarrekiko distantziak ikaragarri luzeak direnean batetik bestera, eta hori guztia gainditzeko are beharrezkoagoa gertatzen delarik bestela ere tresna eta lanabes arras baliagarria den internet.

Webguneak euskal pilotaren historia apur bat egiten du, Australiara azukre kainabera moztera lanera etorri ziren euskaldunak aipatuz, eurak sortu baitzuten egun ere zutik segitzen duen North Queensland-eko euskal pilotaleku bakarra. Australiako Euskal Pilota Federazioaren berri ematen du, bere lehendakari Josetxo Larrazabaletik hasita eta Zuzendaritza Batzordea osatzen dutenen izenak bilduz. Berriak saila ere badu eta baita argazki saila ere, argazki ikusgarri batzuk azalduz.

Prentsan agertutako artikulu bildumatxo bat ere egiten du, tartean EuskalKultura.com-en agertutako batzuk. Eta babesleak aipatzerakoan, Jose Mari 'Joe' Goicoechea aipatzen du, nola ez, Federazioko lehendakariorde dena, eta Australian hainbat euskal ekimenen babesle handia. Moduline enpresa ere aipatzen du hor.

Webgunea ingelesesez eta gaztelaniaz dator oraingoz, horiek baitira Josetxo Larrazabal Australiako Federazio buruak menperatzen dituen bi hizkuntzak. Espero dezagun epe laburrean euskarari leku duina ematen asmatzea. Hau hasiera da, ea hasiera onak segida hobea dakarren.

-Australiar Federazioaren (AFBH) webgunea: http://www.afobh.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia