euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurtzaka dantza talde beasaindarrak Mosqueran eskainiko du gaur emanaldia bere Kolonbiako biraren barnean

2007/09/25

Aurtzakako dantzariak, joan den igandean Zipaquirá-n eskaini zuten emanaldian
Aurtzakako dantzariak, joan den igandean Zipaquirá-n eskaini zuten emanaldian

PUBLIZITATEA

Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak, Kolonbian barrena egiten ari den biraren baitan, hirugarren emanaldi eguna izango du gaurkoa, eta Cundinamarca departamentuko Mosquera herrian, bertako Udal Parke Nagusian, erakutsiko dute bere dantzari eta musikariek Euskal Herritik daramaten programaren kolore eta tradizioa. Taldeko kide den Joseba Juarezek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, joan den igandean Zipaquirá-ko Gatzaren Katedralean eginiko emanaldi arrakastatsuak eman zion hasiera bira honi, datozen egunotan Chia, Funza, Bogotá, Ubala eta Gamma herriak bisitatu dituztelarik. Euskal-kolonbiarrekin ez ezik, bertako dantza taldeekin ere harremandu nahi dute Aurtzakakoek bira honetan.
Dantza talde beasaindarrak joan den igandean, modu indartsuan eta arrakastaz hasi zuen Kolonbiako lurretan garatzen ari den bira. Dantzari eta musikari goierritarrek gaur goizerako daukaten egitarauak agintzen du aurkezpen berria, Cundinamarcako Gobernazioan, eta beste emanaldi bat arratsaldean departamentu bereko Mosquera herriko Udal Parke Nagusian.

[Aurtzakako dantzari eta musikariak, joan den igandean Zipaquirá-n eskaini zuten emanaldiaren karietara eginiko argazkian]

Biharko, asteazkena, irailak 26, Funza udalerrian dago aurreikusia aurkezpena, eguerdiko hamabietan, eta arratsaldean, berriz, itzulera hiriburura, Bogotako Euskal Etxera hain zuzen eta hiriko Gernika Parkera, Francisco José Espinosa Iragorri Euskal Etxeko zuznedari kudeatzaileak gure buletin honi adierazi dionez. Larunbatean, bestalde, Aurtzakako espedizioa osatzen duten hogei gazteek erakustaldi berriak eskainiko dituzte Ubala eta Gamma herrietan, guztiak beti ete Bogota hiriburua ere baitaratzen duen Cundinamarca departamentuan.

Ez da honakoak dantza talde beasaindarreko kideek Diasporarekin izan duten lehenengo elkarretaratzea. Iaz bertan Argentinan ibili zen taldea, bertako hainbat herri bisitatuz eta elkarrengandik distantzia handietara dauden euskal etxeetan arituz, orduan Bahia Blancako emanaldi nagusi batekin. Kontaktua eta harremana izan ohi dira bidaia hauetako ekarpenik handiena 'anaitasun giroa eta bertako taldeekin sortzen den harreman berezi hori, gaur egun internetek mantentzen laguntzen duena', irizten dio Izaskun Salazar Aurtzakako partaideak.


Lotura interesgarriak

Aurtzakakoen iazko esperientzia argentinarraren berri: 'Ahaztezina'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 14an

Aurtzaka Beasaingo Dantza Taldearen webgunea
www.aurtzaka.com

Bogotako (Kolonbia) Euskal Etxea
www.euskaletxeacolombia.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia