Hemen zaude: Hasiera Albisteak Arrakastatsuak izan dira Idahoko genealogi tailerrak; saioak beste euskal etxeetara zabaltzeko aukera dago

Arrakastatsuak izan dira Idahoko genealogi tailerrak; saioak beste euskal etxeetara zabaltzeko aukera dago

2011/10/25

Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa pozik agertu da hilaren 13tik 15era Idahora egindako bidaiarekin eta bertan egin ziren genealogi lantegien emaitzarekin. Homedalen eta Boisen egin ziren bi lantegietan BEHAko teknikariek artxibategi honen webgunean informazioa nola bilatu eta agirien kopia elektronikoak nola eskatu azaldu zuten. "Lantegietan tarteka 'oh!' eta 'ah!' entzuten genuen, jendeak datu berriak aurkitu ahala", azaldu dio EuskalKultura.com-i BEHAko Cristina Castillok. Orain, artxibategiko arduradunak lantegi hauek beste euskal etxe baztuetara eramateko prest agertu dira, Diasporako euskaldunek webgune honek eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen ikas dezaten.

Derio, Bizkaia. Hil honen erdialdera Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboko (AHEB-BEHA) bi teknikarik bidaia egin zuten Idahora, Boiseko Cenarrusa Foundation for Basque Culture erakundeko zuzendaritzako kide Gloria Totoricagüenak gonbidatuta. Bidaiaren helburua bizkaitar jatorriko euskaldun asko biltzen dituen estatu honetan artxibategiaren webgunean eskuratu daitekeen informazio genealogikoaren berri ematea zen.

BEHAk Bizkaiko Elizaren fondo eta dokumentu gehienak digitalizatu ditu eta webgunearen bitartez dokumentazio hori bilatzeko eta kopia eta zertifikatu elektronikoak ateratzeko aukera ematen du. Arazoa zera izan ohi da, Diasporako kide askok ez dutela honen berririk edo, behin webgunean sartuta, ez dakitela bilaketak nola egin. BEHAk Idahon egin zituen mintegi praktikoek arazo hauek konpontzea zuten helburu nagusi.

Homedalen eta Boisen

Cristina Castillo (AHEB-BEHA) eta Asier Romero Andonegi (UPV-EHU) izan ziren mintegiak eman zituzten teknikariak. Lehendabizikoa, Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxean egin zen. "BEHAko fondoen garrantzia azaldu genuen Bizkaian genealogi bilaketak egiteko orduan, eta webgunearen bitartez bilaketak egiteko eta dokumentazioa eskatzeko bideak erakutsi genituen. Euskal inguruko genealogia bilaketen berezitasunak azaldu genituen eta paleografiaz ere aritu ginen", azaltzen du Cristinak.

BEHA eta Pete Cenarrusa

[Asier Andonegi, BEHAk Boisera bidali zuen teknikarietako bat, eta Pete Cenarrusa, Idahoko Estatu Idazkari ohia, Cenarrusa Foundation-en sortzailea eta AEBetako euskal komunitateko kide ezaguna (argazkia CenarrusaFoundation)]

Bigarren mintegia bi egunekoa izan zen eta Boiseko Koelsch Elementary School eskolan egin zen. Hogeita hamar bat lagunek hartu zuten parte, denak bizkaitar jatorrikoak eta denak arbasoak topatzeko gogo bizidunak. "Asko harritu gintuen jendea zeinen adierazkorra zen. Tarteka 'oh!' eta 'ah!' entzuten genuen, datu berriak aurkitu ahala", azaltzen du Castillko. "Ezustekoak izan ziren bilaketetan, adibidez euskal jatorriko senarra laguntzera etorri zen andre batek bere bostgarren edo seigarren abizena Ezkerra zela aurkitu zuen".

Boise genealogy workshop

[Boiseko mintegian hogeita  hamar bat lagunen parte hartu zuten (argazkia CenarrusaFoundation)]

Bilaketak nola egin

Mintegiak oso praktikoak izan ziren eta parte hartu zutenek bilaketak egin eta BEHAko originalen kopiak eskatu zituzten zuzenean. "Bilaketak egiteko orduan erabiltzaileek izaten duten arazo bat, adibidez, idazkera aldeketak izaten dira; izan euren abizenen 'amerikartzeagatik', izan euskararen eboluzioarengatik", dio Cristinak. "Kasu hauetan, adibidez, letra zalantzagarrien ordez trunkadoreak erabiltzen erakutsi genien".

Diasporako euskaldun askok hauek eta beste arazo praktiko batzuk izaten dituzte BEHAko webguneko bilatzailean sartzen direnean, eta askok amore ematen dute. Horri konponbidea emateko, BEHA munduko euskal etxeetan horrelako mintegi praktikoak emateko prest agertu da.

Interesa duten euskal etxeek BEHAko arduradunekin harremanetan jarri behar dute, artxibategiaren webgunearen bitartez edo mezu bat utziz BEHAren Facebook orrian

Ikastola eta Basque Museum

BEHAren bidaian Idahoko artxibategiak bisitatzeko tartea izan zuten euskal teknikariek. Horrez gain, Castillok eta Romerok Boiseko Ikastola ere ezagutu zuten, Mara Hardesty zuzendaria gidari zutela, eta baita ere Basque Museum-a, Patty Miller zuzendariarekin.

Bidaiari bukaera emateko Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxean egin zen afari batean parte hartu zuten eta han, 300 bat euskal-amerikarren aurrean, BEHAren eta bere webgunearen aurkezpena egin zuten.

Eskerrik asko

Melchor Aguirre — 2011/10/25 07:49
Eskerrik asko Bizkaiko Diputaziñoko laguneri aukera emateagaitik eta Euskal Kulturako laguneri adierazo eta partaide egiteagaitik. Izan ziralako gara, izan garelako izango dira !!! Gora Bizkaia, asaba zarrak eta diasporako kimu barriak !!!!

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita