euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Armiarma.com euskal literaturari buruzko webguneak ia 4.000 literatur kritikekin aberastu ditu bere edukiak

2007/09/26

'Kritiken Hemeroteka' atal berriaren azala
'Kritiken Hemeroteka' atal berriaren azala

PUBLIZITATEA

Armiarma.com euskal literaturari buruzko informazio webgune aberatsenetakoa da eta arduradunek gainera etengabe eguneratzen dizkiote edukinak. Azken nobedadea 'Kritiken Hemeroteka' atala da. Bertan irakurleek, Euskal Herrian plazaratutako liburuen ia 4.000 kritika ipini dituzte eskuragarri, eta astero berriak gehituko dizkiete. Webguneak, bestalde, euskara ez dakiten literaturzaleentzako ere eduki interesgarriak eskaintzen ditu, hala nola beste hizkuntzetara itzulitako hainbat liburu, elaberri eta olerki.
Susa argitaletxeak 2001ean sortu zuen 'Kritiken Hemeroteka', eta Euskal Herrian argitaratutako liburuen analisiak eta komentarioak biltzen hasi zen bertan. Orain, euskal argitaletxeak atal hau Armiarma.com webgunean biltzea erabaki du. Euskal literaturari buruzko informazio, nobedade eta datu iturri aberatsenetakoa da webgunea. 'Kritiken Hemeroteka' atalak dagoeneko 3.900 kritika biltzen ditu eta astero-astero kritika berriekin aberastuko asmotan dabiltza.

Astero argitaratzen diren kritika berriak ez ezik, 'Kritiken Hemeroteka' atalak euskal literatur munduan XX. mendean argitaratu diren kritikak ere bildu ditu. 1930etik hasita, Euzkadi, El Dia, Eguna, Euzko Gogoa, Jakin, Olerti, Zeruko Argia eta Anaitasuna… bezalako egunkari eta aldizkarietan agertutako kritikak dira. Ez da hori dena, atal honetan 'baita bortxaz itxi ziguten Euskaldunon Egunkariakoak ere' aurkituko ditugulako, webguneko arduradunek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez.

Beste hizkuntzetara itzulitako liburuak

Patxadaz eta denboraz ikertu beharreko webgunea da Armiarma.com, gisa berekoa baita atal desberdinetan biltzen duen informazio andana. Euskal literatura zaleentzat pentsatutako gunea da, baina badago bertan euskaraz hitzegin ez, baina gure literatura ezagutu nahi duenarentzat gauza interesgarririk. 'Literatur E-mailuak' sailean adibidez, hirurehundik gora idazleren lanak daude irakurgai, liburu osoak kasu batzuetan. 'Erdaretan' atalean, berriz, beste hizkuntzetara itzulitako euskal idazleen lanen berri ematen da. Euskaratik itzulitako azkenetakoa, Eider Rodriguez gaztearen 'Eta handik gutxira gaur' da, kasu honetan espainolera bihurtua, 'Cuatro Cicatrices' izenburuarekin.


Lotura interesgarriak

Kritiken Hemeroteka
http://kritikak.armiarma.com

Armiarma.com web gunea
www.armiarma.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia