euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Mus Txapelketa asteburu honetan izango da jokoan Macachin-go Euzko Alkartasuna Euskal Etxean

2009/06/09

2007 Argentinako Mus Txapelketaren irudia, Ayacuchon
2007 Argentinako Mus Txapelketaren irudia, Ayacuchon

PUBLIZITATEA

Macachin hiriko Unión Vasca-Euzko Alkartasuna Euskal Etxea, La Pampa probintzian, izango da larunbatetik aurrera Argentinako Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza eta bertara bilduko dira euskal etxeetako muslaririk onenak. Jarduerak, esan bezala, larunbatean hasiko dira, ordezkaritzei ongi etorriarekin eta lehendabiziko partidekin. Igandean txapelketaren giroa elkarteko 50. urteurreneko jaiarekin batuko da eta astelehenean azken partidak eta sari banaketa egingo dira.

Macachin, Argentina. Egun gutxi baino ez dira falta aurten ere argentinar euskal etxeetako muslariak batu eta txapelketa nazionalean nor den onena -- aurtengoz, behintzat-- erabakitzeko. Horrez gain, Macachin-etik txapelarekin ateratzen den bikotea Argentinako ordezkari izango da abuztuan Balmasedan, Bizkaian, egingo den Mundu Txapelketan.

Macachin-go Unión Vasca-Euzko Alkartasuna Euskal Etxea izango da Argentinako txapelketaren egoitza eta ekitaldien egitaraua bidali egin digute beste euskal elkarteetara zabaltzeko eskatuz. Jarduerak, esan bezala, larunbatean hasi eta astelehenean bukatuko dira.

Larunbata 13

-11:00: Euskal Etxeetako ordezkariei harrera.
-13:00: Bazkaria ordezkari eta laguntzaileentzat.
-15:00: Euskal Etxeen Txapelkata Nazionalaren hasiera. Ordezkari eta laguntzaileentzako txapelketaren hasiera. Kanasta txapelketaren hasiera.

Igandea 14

-9:00: Mus eta kanasta txapelketetako partidak.
-13:00: Bazkaria ordezkari eta laguntzaileentzat.
-22:00: Euzko Alkartasuna elkarteko 50. urteurreneko bazkaria.

Astelehena 15

-Mus txapelketaren bukaera eta sari banaketa.
-13:00: Txapelketaren itxiera bazkaria eta agurra.

Macachin-go elkarteak azaldu duenez Urteurreneko Afariaren prezioa 50 pesokoa izango da eta beste bazkariena 40 peso. Ostatuari dagokionez elkarteak Macachingo ostatuen berri emango die partehartzaileen laguntzaileei (40-110 peso artean). Beharrezkoa izanez gero elkarteko familien etxeetan har dezakete ostatu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia