euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal etxeen dantza taldeen zuzendariak eta gazte arloko arduradunak Rosarion bildu ziren

2007/06/19

Gazte arloko arduradunen bileraren une bat (argazkia BasqueHeritage.com)
Gazte arloko arduradunen bileraren une bat (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

FEVAk eginiko deialdiei jarraiki, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxean egin zen dantza taldeen zuzendarien eta gazteria arloko arduradunen bilkura joan den ekainaren 11an. Lehendabizikoen aldetik, bileraren helburua datorren Euskal Astean egingo den dantza erakustaldiko egitaraua erabakitzea zen. Gazte arloari dagokionez, arduradunek joan den urteko abuztutik hona gazte taldeek euskal etxeetan egin duten lana aztertu zuten. Bestalde, dantza talde bakoitzak urriko Euskal Astean egingo dituen dantzak erabaki zituzten.
Joan den ekainaren 11an egin zen Rosarion Argentinako euskal etxeetako dantza taldeen zuzendarien eta gazte arloko arduradunen bilera. Egun osoan zehar mugimendu handia izan zen Euskal Astea prestatzen ari den Zazpirak Baten egoitzan. Urriaren 5etik 7ra izango da aurtengo Euskal Aste hori.

Dantza taldeko zuzendarien bilkura

Dantza zuzendarien bilkura Raul Bereciartuak, Zazpirak Bateko lehendakariak, egin zituen hitz batzuekin hasi zen. Brereciartuak Euskal Astean egingo diren ekitaldi batzuk aurreratu zizkien bertaratutakoei. Jarraian Josefina Bereciartuak, Rosarioko dantza taldeko zuzendariak, Euskal Astean izango den taldeek aurkeztuko dituzten dantzak azaldu zituen.

Esan beharra dago Euskal Asteko antolakuntzak dantza erakustaldiak kalean egitea erabaki duela, eguraldia lagun bada. Antolatzaileek esku artean darabilten aukerarik egokiena Rosarioko Plaza Cívica omen da. Hori dela eta, dantza zuzendariak plaza ezagutu eta emanaldiak hartuko dituen eskenatoki finkoa ikustera eraman zituzten zuzendariak. Bestalde, bileran igande goizean erakutsiko diren dantzei buruz ere mintzatu ziren.

Gazte arloko arduradunen topaketa

Arratsaldean, talde bazkariaren ostean, 25 gaztek parte hartu zuten euskal etxeen gazteria arloko bilkuran. Bertan FEVAko gazteria arduradunek, Julia Sosa eta Jerónimo Romerok, Rosarioko ordezkari Santiago Bereciartuarekin batera, Lau Urteko Planeko ekimen nagusiak azaldu zituzten. Euskal etxeetako gazteek garatutako plana da hau eta duela urte eta erdi jarri zen abian. 2009raino egongo da indarrean.

Plan honetako gai nagusienetakoa erregionalizazio proposamena da. Proposamen honen arabera Argentinako mapa zazpi herrialdeetan banatuko litzateke, horrela topaketen eta ekimenen antolakuntza erraztuz. Argentinan dauden distantzia handiak kontuan hartuta eta Buenos Airesen zentralizatzea ekidin asmoz, gazteek proposatzen duten planak zazpi zona hauek proposatzen ditu: iparmendebaldea, iparekialdea, hegoaldea (bertan Bahía Blancako euskal etxea ere sartzen da) eta beste lau Buenos Aires probintzian (handiena eta euskal etxea gehien dituena).

Deszentralizazioaren ideiari jarraituz, arratsaldean zehar erregioetako taldeetan egin zen lan, talde bakoitzak bere proiektu propioak sortuz. Topaketari bukaera emateko erregioetako ordezkariek ekimenak lantzen jarraitu eta hurrengo bilkura orokorra bitartean taldekako bilerak egiteko asmoa agertu zuten. Zihurrenik hurrengo topaketa Rosarioko Euskal Astean izango da.

Euskal Asteko talde eta dantza zerrenda

Bestalde, hona hemen Euskal Asteko larunbateko erakustaldian dantza talde bakoitzak egingo dituen dantzen zerrenda. Montevideoko Haize Hegoako taldeak eskainiko dituen dantzak erabakitzea falta da.


-Arrecifes: Arku mixtoak
-Bahía Blanca: Uztai haundiak
-Balcarce: Suite
-Baires o Lomas de Zamora: Makil Dantza (erabakitzeke)
-Chascomús: Sorginak
-Córdoba: Altsasuko Ihauteria
-General Roca: Larrain dantza
-La Plata: Amaiako Ezpatandantza
-Maipu: Iribaseko Ingurutxu
-Mar del Plata: Ator ator
-Mendoza: Neskatxena
-Pergamino: Kuadrille
-Rauch: Batelera
-Necochea: Bok Espok
-Parana urrundik: Baialaos
-Villa Maria: Banako
-Cañuelas: Polka
-Saladillo: Iauzi
-General Villegas: Urruñekako Kontrapasa
-José C. Paz: Kadrilla
-Rosario: Fandangoa


Lotura interesgarriak

FEVAren web gunea
www.fevaonline.org.ar

Zazpirak Bat Euskal Etxea, Rosario
www.zazpirakbat.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia