euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako datozen Euskal Aste Nazionalen egoitzak eta Argentina eta munduko beste zenbait hitzordu

2014/02/11

Argentinan nazio mailan 2014ean izango den hurrengo elkarretaratze esanguratsuena, Cañuelaseko Aberri Eguneko dantzari eta dantza taldeen hitzordua
Argentinan nazio mailan 2014ean izango den hurrengo elkarretaratze esanguratsuena, Cañuelaseko Aberri Eguneko dantzari eta dantza taldeen hitzordua

PUBLIZITATEA

Irakurleentzat izan dezaketen interesagatik, datozen lerroetara bildu ditugu Argentinako Euskal Aste Nazionalari buruzko zenbait jakingarri eta Hego Ameriketako euskal gizatalde horrek antolatzen dituen beste hitzordu batzuen berri. Horri emendatu diogu Estatu Batuetako beste zenbait elkarretaratzeri buruzko aipu, norbaitek hauek guztiak aldez aurretik jakinda bertaratu nahi izango balu-edo.

Donostia-San Sebastian. Argentinako Euskal Aste Nazionala urtero Euskal Herritik kanpo euskaldunik gehien gehien biltzen duen ekitaldietakoa da. Aurten Buenos Aires probintziako hiriburu den La Plata hirian antolatuko da, azaroan, bertatik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez. Data zehatzagorik ez dago oraingoz, baina hilabete horretarako bi lehenengo asteak dira antolatzaileek buruan dauzkatenak, zenbait xehetasun zehazteke. Etabaki finkoagorik lortu bezain laster pasatuko dizkigutela agindu digute.

Datozen urteetarako, eta gaur egun FEVA Argentinako euskal elkarteen federazioak erabakita duenaren arabera, honakoa da Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango diren hiri eta euskal etxeen zerrenda:

  • Euskal Aste Nazionala 2014: La Plata, Buenos Aires probintzian, bertako Euzko Etxea euskal etxea antolatzaile
  • Euskal Aste Nazionala 2015: Macachín, La Pampa probintzia, bertako Euzko Alkartasuna euskal etxea antolatzaile
  • Euskal Aste Nazionala 2016: Necochea, Buenos Aires probintzian, bertako Euzko Etxea euskal etxea antolatzaile
  • Euskal Aste Nazionala 2017: Tandil (Gure Etxea) edo San Nicolás (Euzkal Etxea), baieztatzeke, biak Buenos Aires probintzian
  • Euskal Aste Nazionala 2018: Tandil (Gure Etxea) edo San Nicolás (Euzkal Etxea), baieztatzeke, biak Buenos Aires probintzian

Urteko beste hitzordu argentinar batzuk aipatzearren, azken urteotan gauzatzen joan diren beste zenbaitek huts egin dute aurten, hala nola Udalekuren kasua, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatua, azken urteotan urtarrilean egin ondoren aurten deitu ez dena, "ahalegin guztiak 2015eko edizioa hobeto antolatzen erabil ditzagun", bertatik esan zaigunez. Gauza bera, bertan behera uztea, gertatu da Universidad Vasca de Verano edo Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitatea delakoarekin, nahiz eta kasu honetan abenduan ekimena deitu eta iragarririk, geroago indargabetu eta xehetasun hauetara moldatu den. Ikus hemen. Eutsi zaio, aldiz, urtero dantzari gazteen bilgune den Cañuelasko Aberri Eguneko elkarretaratzeari, apirilaren 5 eta 6an. bertako Denak Bat euskal etxea antolatzaile.

ESTATU BATUAK

Estatu Batuetan, hitzordu nagusia aurten maiatzaren 23, 24 eta 25an izango da, hitzordu goiztiarra, egun horietan egingo baita Kaliforniako Bakersfielden 2014ko NABO Convention eta Euskal Besta, bat eginik Bakersfield-en egoitza duen Kern County Basque Club-en 70. urteurrenarekin.

Astebete lehenago, maiatzaren 17 eta 18an, bere piknik eta euskal festa egingo du Kalifornian bertan baina iparralderago, Los Banos herrian, bertako Los Banos Basque Club-ek, euskal etxe honek ere ospakizun bereziz, aurten mende erdia beteko duen elkartea baita. Kari horretara, zenbait ekimen bereziz hornituko dute urtero egiten duten egitaraua. Laster plazaratuko dutela agindu dute. Gogora dezagun, bestalde, Kaliforniako 'euskal uda'ko lehenengo hitzordua horiek baino goiztiarragoa dela, aurten maiatzaren 3 eta 4ean, Fresno herrian.

GAINERAKO HERRIALDEETAN

Beste euskal etxe eta herrialde batzuetan ere urtero ospatzen dituzte euren Euskal Aste eta festak. Kanadako euskal etxeek, NABOko parte direnez, Estatu Batuetakoekin ospatzen dute. Uruguaiko zenbait euskal etxek, berriz, Argentinara egiten du eta hango Euskal Astean hartzen du parte. Beste kasu batzuetan, hala nola Txile, Paraguai eta Brasilen, edota Madrilgoa bezalako euskal etxeetan, Euskal Aste bereizituak antolatzen dituzte, nahiz eta aurten oraindik ere adierazi ez dituzten data zehatz eta xehetasunak.

Zure herrialde edo euskal etxeko daturik agertuko ez balitz artikulu honetan eta gurekin partekatu nahiko bazenitu, idatzi lasai asko info@euskalkultura.com helbidera. Mila esker aldez aurretik.



Komentarioak

  • Estatu Batuetako NABO Biltzar Nagusia eta Euskal Festak

    Hala eskatu diguzuenentzat, hona, AEBetan datozen urteetarako NABOk aurreikusia duen udako bere Biltzar Nagusi eta Euskal Festaren leku-egitaraua:

    -2014: Bakersfield, Kalifornia
    -2015: Boise, Idaho (Jaialdirekin batera)
    -2016: Washington DC (lehenengo aldiz)
    -2017: Chino, Kalifornia
    -2018: Winnemucca, Nevada

    EuskalKultura.com, 2014/02/20 11:50

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia