Hemen zaude: Hasiera Albisteak Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez euskal idazle izateaz mintzatu ziren atzo Chicagon

Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez euskal idazle izateaz mintzatu ziren atzo Chicagon

Illinoisko Unibertsitateak, bertan Koldo Mitxelena katedra inauguratzea kari euskara eta euskal kulturaren erakuslehio antolatutako ekitaldien artean, atzo ostegunez euskal literaturari buruzko eguna pasatu zen, gonbidatu gisa Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleak, eta Jaurlaritzako Blanca Urgell Kultura sailburua eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendaria ere partaide zirela. Unibertsitateko euskara ikasleek, eurek espres eginiko bertso batekin eman zieten ongietorria gonbidatuei.

Urbana-Champaig, Illinois, AEB. Mari Jose Olaziregik hartu zuen bere gain atzo ostegunez Illinoisko Unibertsitatean Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez idazleak aurkezteko lana, Koldo Mitxelena katedraren inaugurazioarekin batera antolatutako euskal programaren baitan, Etxepare Institutua laguntzaile.

Fikzioa euskaraz idaztea zen mahai gainean hizpide ipinitako gaia, eta Olaziregik Etxepare Institutuaren atsegina adierazi zuen euskal literatura eta literaturgileak Illinoisko publiko interesatuaren aurrean aurkeztu ahal izateagatik, aipatu bi emakume sortzaile hauek bertan zuzenean euren idazle lekukotasuna eta esperientzia azaltzeko egokitutako aukeragatik.

'Euskal Fikzioa: utopia eta erronkak' izenburupean, Arantxa Urretabizkaia eta Eider Rodriguez literaturan bakoitzak izan dituen euren eskarmentuez mintzatu ziren, literatura idazle eta euskal idazle gisa, horrek eurentzat dituen ezaugarri eta esanahiak azalduz bertaratutakoen aurrean.

"Utopia bat bizi dugu gaur egun euskal literaturari dagokionez", esan zuen Urretabizkaiak. "Iruditzen zait, hein handi batean, euskararen inguruko diskutso agonikoa desagertu egin dela. Nik gaixotasun asko ditut, eta optimismoa horietako bat da", azaldu zuen idazleak, literaturari Euskal Herrian etorkizun oparoa iragarririk.

Eider Rodriguezek, bere aldetik, euskara erabiltzeak daukan garrantzia azpimarratu zuen hizkuntza aitzinarazi eta geroa ematearren. "Gaur egun, euskara hiztunen %100ak gaztelania daki", esan zuen Hegoaldeko egoera aipatuz. "Eta protzentaia horrekin, batzuk esango lukete praktikoena munduari gaztelaniaz zuzentzea izango zela". "Hala ere, euskaraz mintzatzeko aukera bat galtzen dudan bakoitzean, hizkuntzaren zatiño bat desagertu egiten da. Apur bat, gauza nimiño bat, ezdeusa, badakit. Hauts partikula bera, gauza nimiño bera gara gu unibertsoarentzat", hausnartu zuen.

Mahai inguruan Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua ere eseri zen, Champaign-Urbanara ekitaldiotako partaide izateko propio iritsia. Euskal gonbidatuek harrera polita jaso zuten unibertsitateko euskara ikasleek emana, horren adierazle euskaraz kantatu zieten bertso hau:

Idazle maiteak
Guk bertso bat dugu
Eskerrik asko zuei
Esan nahi dizuegu
Hemen gu euskarazko
Ikasleak gara
Ongi-etorri zuei
Champaign-Urbanara.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita