euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Apirilean hasiko ditu aktibitateak Rosarioko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturaren Katedrak

2014/03/14

Euskara eta Euskal Kulturaren afixa
Euskara eta Euskal Kulturaren afixa

PUBLIZITATEA

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta hiriko Humanitate eta Arteen Fakultateak sinatutako hitzarmenaren baitan, datorren apirilaren 4an jarriko da abian Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturaren Katedra. Zikloari ekiteko, Hizkuntza Minorizatuen Topaketa burutuko da hilaren 4ean, ostirala Fakultatearen egoitzan. Euskara klaseak, berriz, 8an hasiko dira eta astearte eta ostiraletan gauzatuko dira. Gaia aldatuta baina oraindik Rosarion, Zazpirak Bat euskal etxea bere burua gogoz ari da prestatzen mozorro-jai bat ospatzeko datorren asteko larunbatean.

Rosario, Argentina. Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta Rosarioko Unibertsitate Nazionalak burututako akordio bati esker, euskal kultura hedatzeko gune berri bat dago Santa Feko hiri honetan joan den uztailetik. Bi erakundeek adierazi duten bezala, “proposamenaren helburu nagusia euskara esparru akademikora eramatea da eta hortxe, beste hainbat hizkuntza irakasten diren bezala, irakatsi eta lantzea”.

Hitzarmena abian da honezkero eta 2014ko zikloa apiril honetan hasiko da, apirilaren 4ean hain zuzen, eta jarduera bikoitz batekin: iluntzeko 7:30etan Hizkuntza Minorizatuen Topaketa bat egingo da Humanitate eta Arteen Fakultatearen instalazioetan, katalan, gaeliko eta euskara irakasleak mintzalari. Topaketa bukatzean, partaideak euskal etxearen egoitzan elkartuko dira pintxo afaria partekatzeko. Bateko eta besteko jatorrietako dantza ikuskizuna ere eskainiko zaie bildutakoei; izan ere ‘Zazpi’ko gazteekin batera, Irlanda eta Kataluniako gizataldeetako dantzariek ere koreografiak aurkeztuko dituzte.

Ikasturte hasiera Katedran

Euskara eskolei dagokienez, apirilaren 8an hasiko dira Alejo Contiren ardurapean, eta astearte eta ostiraletan izango dira, iluntzeko 8:00etatik 9:30etara. Klaseak Humanitate eta Arteen Fakultateko 60. ikasgelan egingo dira, Entre Rios kaleko 758. zenbakian. Informazio gehiago eskatzeko edota izena emateko, hauexek dira kontaktatzeko datuak: helbide elektronikoa: lenguayculturavasca@gmail.com; Facebook-e kontua: /catedravasca; Twitter-ekoa:@CatedraVascaUNR.

Inauteriak Zazpi-n

Euskal Herriko ohitura onenak ez dira erabat galdu Ozeano Atlantikoaren alde honetan eta hori dela eta euskal argentinarrak beti daude prest. Gonbite hau Rosariotik datorkigu eta proposamena Inauteriei dagokie. Datorren larunbaterako antolatzen ari diren festarako gonbitearekin batera, garrantzi handiko oharra ere bidali du euskal etxeak: “Ezin da etorri ez mozorrorik ezta ondo pasatzeko gogorik gabe ere”. Izan ere, bi baldintza hauek hartuko omen dira kontuan festan. Alde batetik, honako sariak banatuko baitira: Koadrila onenari, Pertsonaia ezezagun onenari, Emakumezkoen mozorro onenari, eta Gizonezkoen mozorro onenari. Parranda goizaldeko ordu txikiak arte luzatuko da.

Parte hartzeko txartelak salgai daude eta helduentzakoak 80 peso balio ditu (afaria, bi enpanada, txoripana, edari bat eta postrea); 12 urte arteko umeentzakoak, 25 peso balioko ditu (pantxo bat, edaria eta postrea). Dantzarientzako prezioa, 50 peso. Euskal etxeko kideek biziki eskertuko dute sarrerak aldez aurretik erreserbatzea erakundearen idazkaritzan, zazpirosario@zazpirakbat.com.ar helbidean edo 0341 421-7670 telefono zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia