euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzerkia, xakea, dantza eta irratsaioa dira Paranako Urrundik-eko egitaraua osatzen duten ekintzetako batzuk

2012/07/20

Paranako Urrundik euskal etxeak antolatutako ‘Jose J. Echeverria’ Xake Txapelketa (argazkiak EE)
Paranako Urrundik euskal etxeak antolatutako ‘Jose J. Echeverria’ Xake Txapelketa (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Beti 'euskal mamiari' eutsiz, adin eta interes guztietako jendearentzako proposamenak eskaintzen dizkio Entre Rios probintziako Paranako Urrundik euskal etxeak bere inguruko komunitateari. Komunitatean, gainera, oso harrera ona izaten dituzte euskal erakundeak luzatzen dituen gonbidapenek eta elkarteak antolatutako ekitaldiak oso jendetsuak suertatu ohi dira. Honen adibide on izan daitezke 'Jose J. Echeverria' Xake Txapelketa eta ‘Marta Stutz’ antzezlana bera. "Xake lehiaketan hirurogeitik gora jokalarik hartu zuten parte; eta gure antzerki taldearen azkeneko emanaldian antzokiko platea beteta zegoen”, adierazi digute Urrundik-eko arduradunek.

Parana, Argentina. Diasporako beste hainbat euskal etxetan bezala, Paranako Urrundik-en ere ospatu berri dira Sanferminak. Nafarroako patroikidearen omenezko festa uztailaren 7an bertan egin zen, elkarteko egoitzan, eta afariko menua dilista gisatuak izan ziren. Euskal etxeko agintari, dantzari eta lagunek hartu zuten parte ‘giro intimoan’ burutu zen topaketa honetan. Ohiturari jarraituz, txupinazoarekin hasi zen elkarretaratzea eta afalostean dantza egin zuten etxeko gazteek.

San Fermin egunaren ospakizuna eguneroko bizitzan etenaldi bat egiteko aitzakia izan zen. Izan ere, ekintza anitzetan daude murgilduta astean zehar Urrundik-eko kideak 2012 urte honetako egitaraua betetzen. Xake tailerrak, antzerki klaseak, dantza eskolak eta Presencia Vasca irratsaioaren ekoizpena dira euskal elkartean gauzatzen diren proiektuetako batzuk.

'Jose J. Echeverria' Xake Txapelketa

Xakeari dagokionez, ekainaren 10ean 'Jose J. Echeverria' izeneko Txapelketa egin zen VICOER kooperatibaren aretoan. Urrundik-ek antolaturik, lehiaketaren bigarren edizio honetan hirurogeita bat jokalari neurtu ziren bi kategoriatan banatuta: oinarrizko mailakoa eta goi mailakoa. Irabazleak Ivan Pesuto eta Franco Zamboni izan ziren. Lehiaketaren inaugurazioan eta baita amaierako ekimenean ere, euskal etxeko agintariek Jose J. Echeverria hizpide hartu eta laudatu zuten, Urrundik-eko batzordekide eta VICOER kooperatibako presidentea izan zen itzal handiko euskal-argentinar hura.

Xake klaseak larunbatero ematen dira euskal elkartean, Paranako Xake Taldeko irakasleak arduradun. Euskal Etxea Entre Rioseko Xake Federazioko bazkidea da eta probintzia osoan antolatzen diren lehiaketetan hartzen dute parte Urrundik-eko jokalariek.

‘Martha Stutz’ Urrundik euskal etxeko antzerki taldearen eskutik

‘Euskal Aztarnak’ antzerki-lanaren emanaldiekin bukatu bezain laster beste obra bat hasi ziren prestatzen Urrundik-eko aktoreak. Oraingoa Javier Daulte-ren 'Martha Stutz' klasikoa da eta euskal etxeko arduradunen arabera “benetako erronka da protagonistentzat. Taldearentzat balio handiko urrats nabarmena da taldeak egin duena, argumentua konplexua baitu eta hamabi aktore agertzen baitira oholtza gainean”. 

Urrundik euskal etxeko antzerki taldea 2012 01

[Urrundik elkarteko antzerki taldeko kide batzuk 'Martha Stutz' obran (argazkiaEE)]

Emanaldia joan den maiatzaren 3an izan zen, ‘Jueves Teatro Club’ delako herriko 3 de Febrero Antzokiko zikloan. Ana Maria Coceres, Blanca Diaz, Celia Morresi, Delia Beltzer, Elena Ludi, Liliana Neme, Maria Isabel Garcia, Marta Echagüe, Mireya Alcain, Silvia Barrios, Silvia Ormache eta Susana Schiavoni osatzen dute Augusto Carballal-ek zuzentzen duen antzezle-zerrenda. Argitzailea, berriz, Claudia Zaragoza da.

Mikel Ezkerro, ohorezko kide

Urrundik euskal etxetik oroitarazi nahi izan digute, bestalde, elkarteak ohorezko kide izendatu duela Mikel Ezkerro irakaslea. “Laguntzaile nekaezina eta euskal kulturaren zabaltzaile paregabea izateagatik eman nahi izan genion sari hau”. Ezkerrori egindako omenaldia erakundearen 12. urtemugako ospakizunaren baitan egin zen.

Aipatzekoa da baita ere ‘Presencia Vasca’ irratsaioak jarraitzen duela betiko ordutegi eta frekuentzian – igandetan goizeko 11etatik 12etara,  LRI 365 Unibertsitateko Irratian-. Bere hogeita bigarren urtean, teknologia berriei esker interneten ere entzun daiteke: www.fmuniversidad.com orrian.  Facebook-en aurkitu ahal da saioari buruzko informazioa ‘Presencia Vasca Parana’ helbidean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia