euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antioquiako Euskal Gaien Ikasgunea, bost urte euskal kultura eta presentzia ezagutarazten Kolonbian

2009/11/26

Antioquiako elkarte euskaltzalearen bosgarren urteurrena ospatzeko joan den azaroaren 14an Medellingo Porton del Sur jatetxean eginiko ekitaldira --zinema, musika eta gastronomia bilduz-- etorritako partaideetako batzuk
Antioquiako elkarte euskaltzalearen bosgarren urteurrena ospatzeko joan den azaroaren 14an Medellingo Porton del Sur jatetxean eginiko ekitaldira --zinema, musika eta gastronomia bilduz-- etorritako partaideetako batzuk

PUBLIZITATEA

Medellin hirian, Kolonbiako Antioquia departamenduan, 'Antioquiako Euskal Gaien Ikasgunea' (Centro de Estudios Vascos de Antioquia) izeneko taldeko kideak euren sorreraren bosgarren urteurrena ari dira ospatzen egunotan, abenduaren 5era arte. Euskal kultura oro har, eta bereziki euskaldunek bertan utzitako urratsen arrastoa ikertu, ezagutu eta zabaltzeko asmoz abiatutako ekimen honek bere kide eta lagunak Medellingo jatetxe batera bildu zituen joan den azaroaren 14an, euskal zinema, musika eta gastronomia osagai izan zituen urtebetetze ekitaldia burutzeko, ikurrinak edergarri zeuzkan festa ireki batean.

Medellin, Kolonbia. Ikasgunetik beretik azaltzen dutenez, "guztia" 2004ean hasi zen, Antioquiako ikasle talde batek eraginda 'Antioquiako Euskal Gaien Ikasgunea' (Centro de Estudios Vascos de Antioquia) izenekoa sortu zenean Antioquiako Unibertsitatean, Medellinen. "Orduan hartutako helburuekin jarraitu du geroztik: Antioquian eta Kolonbian euskal presentziarekin zerikusia daukan guztia ikertzea".

2005ean Euskal Gaien Ikasguneak bere webgunea sortzen zuen, "eta honen bitartez Antioquiako, Kolonbiako eta Atzerriko hainbat jende jarri izan da harremanetan gurekin, zorionak emanez ekimenarengatik eta bertako geure euskal kulturaz gehiago jakin nahirik". 2006an Ikasguneak hitzaldi bat antolatu zuen, Luis Miguel de Zulategi maisuari eskainia, Antioquiako Unibertsitatean, partaide etorri zirelarik hizlari jarduteko Libe de Zulategi eta Antioquiako Unibertsitateko Margarita Velasquez musikologoa.

Euskal erreferentzia Medellinaldean

Garai hartan, segitzen dute azaltzen Ikasgunetik, elkarteak aurrera segitu zuen ekimenekin, helburu hartutako gaiekiko interesa zeukan pertsonekin kontaktuak areagotuz. Nonahitik idazten zuten, leku urrun eta harrigarrietatik ere. "Guztiei erantzun zitzaien aipatzen zituzten gauzez eta esku artean genituen ikerketen berri eman zitzaien. Horren oinarrian erkidego birtual bat sortu genuen, euskal kultura arloko informazioa eta zaletasunak partekatuz".

2007 urte hondarrean euskaldunek Antioquian izaniko presentzia berriz ere plazaratu genuen hitzaldi sorta berri bat antolatuz, Antioquiako Unibertsitatean zein Arte Ederretako Institutuan. Ekitaldia, Catalina Fernandez eta John Alejandro Ricaurtek eratu zuten eta propio ekarrarazi zuten horretarako Pereira hiritik Jose Miguel Ramirez, hitzaldian euskara eta bere eragina Antioquiako eskualdean azter zezan. Horrez gain David Ricaurtek argazki erakusketa bat prestatu zuen, eta gastronomia erakustaldi bat eta euskal zinema eta laburmetraien aurkezpen bat ere egin zen.

'Euskaldunak prentsan' proiektua eta euskara eskolak

2008. urtean Ikasgunearentzat oso garrantzitsuak ziren proiektu batzuk zehaztu ahal izan ziren, hala nola euskaldunen oroimen historikoa bertako euskal prentsaren bidez aztertzea, Bogotáko Euskal Etxea bitartekari bideratua, hau baita Eusko Jaurlaritzak Kolonbian ofizialki onetsia duen euskal elkarte bakarra.

Urte horretan baita ere, euskara eskolei ekin zitzaien Bogotako Euskal Etxea medio baita ere. Lehenengo aldia izateko, Medellingo euskara eskolek oihartzun polita lortu zuten Antioquiako Unibertsitateko ikasleen artean. Berrogei bat jendek azaldu zuten interesa eta horietarik 22matrikulatu ziren. Ikastaroak aurrera darrai eta bataz beste hamabost bat ikasleko kopuruari eusten dio.

Kulturaren Euskal Etxea, web bidez harremanak

Urte horretan, bestalde, bertako euskal jatorriko jendearekiko harremanak hasi ziren, euskal erkidegoarekiko harremanak, Antioquiako Euskal Etxea sortzeko ideia gauzagarria zen ikusteko. Hainbat bileraren ondotik, gaur egun abian da Antioquiako Euskal Etxea Fundazioa.

2009an, kide berriak emendatu zitzaizkion elkarteari, "hala nola David, Portugaletetik, Bizkaitik, etorria". Davidek Antioquiako Kulturaren Euskal Etxea bloga sortzea proposatu zuen, "hura medio bi herrialdeotako kulturari buruzko lekukotasunak eta intereseko artikuluak argitaratu ahal izateko. Blogak sarrera ona dauka eta publiko mota zabal batengana heltzen da, argitalpenen kalitatea eta interesa dela-eta, baina baita ere zenbait alderdi integratzeko ahalegina egiten duelako, hala nola historia, kultura eta artea".

Momentu jakin honetan Ikasgunearen webgunea oso eguneratua ez badago ere, bere ekimenak eta antolatzen dituen ekitaldiak bi blogetan zabaltzen dira: Kulturaren Euskal Etxea (Centro Vasco dela Cultura) eta Euskal Gaien Ikasgunea (Centro de Estudios Vascos).

-Centro Vasco de la Cultura de Antioquia
http://vascoantioquia.blogspot.com

-Centro de Estudios Vascos
http://centroestudiovascoantioquia.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia