Hemen zaude: Hasiera Albisteak Anita Glesta artistak Gernika eta Dorre Bikien erasoa uztartzen ditu bihar NYen inauguratuko duen instalazioan

Anita Glesta artistak Gernika eta Dorre Bikien erasoa uztartzen ditu bihar NYen inauguratuko duen instalazioan

2007/06/13

2001eko irailaren 11an Anita Glesta artista newyorktarrak Dorre Bikien erasoa zuzenean ikusi zuen World Trade Centerren parean daukan apartamentutik. Beldurrak, Manhattanetik seme-alabekin egin behar izan zuen ihesak eta zentzugabeko biolentziaren biktima izatearen sentsazioak aurretik gertaturiko beste trajedia bat ekarri zion burura: Gernikaren bonbardaketa. Sufrimenduaren unibertsaltasuna, horixe da Glestak bihar inauguratuko duen 'Gernika/Guernica' ikusgarriarekin azaldu nahi duena. Horretarako Gernikako biktimen ahotsa eramango du Zero Gunearen inguruetara.

Anita Glestak bihar inauguratuko du 'Gernika/Guernica' multimedia ikusgarria Zero Gunetik gertu dagoen Chase Manhattan plazan. Giza gorputzaren parteen eskulturak eta zortzi irratik osatzen dute instalazioa. Mugimenduak aktibatzen du ikusgarria. Jendea eskulturen artean paseatzean irratiak martxan jarriko dira eta Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen lekukotasunak entzungo dira, Glestak elkarrizketatuta. Instalazioaren kokapenak, Zero Gunetik hain gertu, bisitarien buruan Gernikako bonbardaketa eta Dorre Bikien erasoa batuko ditu. 'Erreakzioa indartsua izango da', iragartzen du egileak. Ondo daki, berak bizitakoaz ari da eta.

Erasoaren ondorengo hilabeteetan, bere apartamentuan sartu ezinik, Glesta-k hausnarketa egin zuen newyorktar guztiak busti zituen biktima sentipenaz. Baina bera haratago joan zen: hura guztia ez zela berria pentsatu zuen eta testuinguru globalago batean aspalditik ari zela gertatzen. Gernikaren aurrekaria ekarri zion burura. Glesta newyorktarrak herri bizkaitarrarren bonbardaketaren historia gertutik ezagutzen zuen, gaztetan Donostian bizi izan zelako zenbait urtez. 'Gainera, artista bezala, Picassoren Guernica XX. mendeko erreferentea da', azaldu dio artistak BasqueHeritage.com-i. Margoak islatzen duen izua eta sufrimenduak esanahi oso pertsonala hartu zuten orduan.

Gernikako biktimen lekukotasuna

[Goiko irudian artistaren aurreko instalazio batean, elkarrekin, Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen emakume baten elkarrizketaren bideoa, Dorre Bikien irudia eta Anita Glesta beraren lanak (argazkia A. Glesta)]

'E-mail bat bidali nuen, garai bateko botiletako mezuak bezalaxe, eta Gernika Gogoratuz-etik erantzun zidaten (Bakearen aldeko Ikerkuntzarako Zentrua). Haiek gonbidatuta Gernikan 2002an egin zuten topaketara joan nintzen eta bertan bonbardaketa bizi zuten pertsonak ezagutu nituen', azaltzen du. Glestak elkarrizketak egin eta bideoan grabatu zituen euren --eta bere-- esperientzia, artearen bidez azaltzeko asmoz. Berak urte bete lehenago bizi izan zuena eta gero, topaketa oso hunkigarriak izan ziren. 'Elkarrizketa haietan inpresio gehien egin zidana denek berdin sufritzen dugula ikustea izan zen'.

Elkarrizketa hauek Glestak joan den apirilean inauguratu zuen erakusketa multimedia batean agertu ziren lehendabizikoz. 'Gernika/Guernica: Desde El Cielo Hasta El Fondo' zuen izena eta New Yorkeko White Box galerian izan zen ikusgai. Bertan Gernikako lekukoen elkarrizketek eta Glestaren lanek 'zerutik heldu zen infernua' ('Hell castings from heaven' zen ingelesezko izenburua) adierazten zuten. New York eta Gernika batera. Orain Gernikatik bizirik atera ziren gizon eta emakume haien hitzak izango dira Chase Manhattan plazan Glestaren eskultura artean paseatzen direnei zabalik, haiek entzun/ikusteko moduan. Newyorktarrentzat bake eta sufrimenduaren unibertsaltasunari buruzko mezua erreala izango da, Zero Gunetik hain gertu.


Lotura interesgarriak

Anita Glestaren webgunea
www.anitaglesta.com

New Yorkeko Euskal Etxearen web gunea
www.newyorkbasqueclub.com
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Anita Glesta artistak Gernika eta Dorre Bikien erasoa uztartzen ditu bihar NYen inauguratuko duen instalazioan

Anita Glestak bihar NYeko kaleetan inauguratuko duen instalazioan izango diren eskulturetako bat

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita