euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andoni Ortuzar EAJ-PNVko EBBeko presidentea Venezuela, Argentina eta Txilera abiatuko da aste honetan

2013/11/04

Andoni Ortuzar, Eusko Alderdi Jeltzaleko Euskadi Buru Batzarreko presidentea (argazkia EAJ-PNV)
Andoni Ortuzar, Eusko Alderdi Jeltzaleko Euskadi Buru Batzarreko presidentea (argazkia EAJ-PNV)

PUBLIZITATEA

EBBko presidenteak aste biko bidaia hasiko du bihar asteartean Venezuela, Argentina eta Txilera. Hiru herrialdeotako euskal komunitateak bisitatu eta bertako egitura jeltzaleekin ere biltzea du helburu bidaiak. Venezuelan hitzaldia emango du Caracaseko Eusko Etxean eta zenbait goi-mailako elkarrizketa izango ditu hiriburu venezuelarrean. Argentinan, gizatalde euskal-argentinarrak Cordobako Villa Maria hirian garatuko duen Euskal Aste Nazionaleko partaide izango da datorren astean. Eta bidaia Txilen, bertako hauteskunde presidentzialetako lekuko izanik bukatuko du, jakinarazi digute alderdi jeltzaleko iturriek.

Bilbo, Bizkaia. Euskadi Buru Batzarrak ohar batez aditzera eman duenez, Ortuzarrek bihar asteartea, azaroaren 5ean, hasiko du bidaia, eta hasi ere Venezuelan. Iritsi eta berehala Caracasen EAJ-PNVren Venezuela Buru Batzarreko ordezkariekin elkartuko da. Biharamunean, asteazkena, Andrés Bello Unibertsitate Katolikoko erretore ohi Luis Ugalde aitarekin batzartuko da. Jannah Arendt Saria jaso berria du Bergaran jaiotako jesuitak. Iluntzean Caracaseko Eusko Etxean komunitate euskal-venezuelarrarekin elkartuko da eta afari-hitzaldi batean hartuko du parte, “Euzkadiko oraingo Egoera eta Venezuelako Diasporarekin duen harremana, kezkak eta proposamenak“ izenburupean. Bertako zenbait politikarirekin ere bilduko da EBBko presidentea Venezuelan egingo duen bisitan. Egun horretan, arratsaldean Argentinarako bidea hartuko du.

Ostiralean, azaroaren 8an, Villa Mariara iritsiko da, Córdoba probintziako hiri honetan Argentinako Euskal Astea egingo baita aste honetan zehar, ostiraletik igandera bitartean bereziki. Aurten, Latinoamerikako Euskal Gizataldeen Lehenengo Eskualde Kongresua ere egingo da bertan, Ortuzar bera partaide. Argentinan ere, bilkura politikoak izango ditu azaroaren 11an Buenos Aires hirirako bidea hartu baino lehen. Argentinako hiriburuan, EAJ-PNVren Argentina Buru Batzarrarekin bilduko da, Emakume Abertzale Batzako euskal-argentinar militanteei egingo zaien omenaldian parte hartuko du eta Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean eskainiko den hitzaldian izango da. Ortuzarrek hainbat batzar egingo ditu Argentina eta Uruguai-ko alderdien ordezkariekin eta ekonomia munduko eragileekin.

Azaroaren 14an, azkenik, Txilera iritsiko da, Hego Ameriketarako bidaia honen azken zatian. Santiagon Txile Buru Batzarrarekin bilduko da hiriko Euzko Etxean. Ostiralez, Emprebask  (Euskal Jatorriko Txileko Enpresarien Elkartea) taldeko buruzagiekin elkartuko da eta Txileko hauteskunde presidentzialen kanpaina amaierako ekitaldietan izango da, eta hainbat bilera izango ditu Errepublikako Senaturako  eta Txileko Diputatuen Ganberarako aurkezten diren euskal- txiletar hautagaiekin. Azaroaren 16an, larunbata, hauteskunde aurreko jardunaldia biziko du Txileko Alderdi Demokrata Kristauko (PDC) ordezkariekin. Demokristau txiletarrak Gehiengo Berria koalizio barruan (lehenagoko Kontzertazioaren ondorengoa) aurkezten dira hauteskundeetara. 

PDC alderdiak Michelle Bachelet sostengatzen du presidenterako hautagai  eta orain arte egindako iritzi-azterketek lehen hautespen aldiko garaipena ematen diote. Igandean, azaroak 17, hauteskunde eguna izango da eta EBBko presidenteak hainbat hautesleku bisitatuko ditu eta azkenean boto zenbaketa prozesua jarraituko du PDCren egoitzan  eta Bacheleten Hauteskunde Komandoan. Astelehenean, azaroaren 18an, Ortuzarrek Euskadirako bidea hartuko du eta azaroaren 19ko lehen orduan itzuliko da etxera, amaitzen da jeltzaleek helarazi diguten oharra.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia