euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ameriketako Elizondotarrek V. Famili Bilkura egingo dute Mexikoko Monterreyn, urriaren 10etik 12ra

2008/10/02

Iazko bilkuran izan ziren senitartekoetako batzuk
Iazko bilkuran izan ziren senitartekoetako batzuk

PUBLIZITATEA

Ameriketako Elizondo familiako kideek datorren astean, urriaren 10etik 12ra egingo dute euren V. Nazioarteko Bilkura, Mexikoko Monterrey hirian. Hitzordura Kalifornia, Texas, Massachussets, Florida, Kuba, Mexiko, Coahuila, mexikar Durango eta Jalisco bezalako hirietatik heldutako kideak bilduko dira, Monterreyn bertan bizi direnez gain. Elizondotarren adar amerikar honek Nafarroako Baztango bailaran du sorrera. Bilkurako antolatzaile Edna Elizondok eginiko zuhaitz genealogikoan azken lau mendeetako senitartekoak ageri dira.

Monterrey, Mexiko. Aurten ere Monterrey hiria izango da Elizondo familiaren Nazioarteko Bilkuraren egoitza. Bilkura Ameriketako Elizondotarrek antolatua da eta dagoeneko V. edizioa du hau. Lehena 2000. urtean egin zen, Monterrey inguruko sendia biltzeko asmoarekin, baina interes handia sortu zuen eta urtetik-urtera kide gehiago bildu dira egitasmora. Aurten Ipar Ameriketako eta Karibe aldeko lagun asko espero dituzte.

Bilkura urriaren 10ean hasiko da, Nuevo Leon Estatuko Artxibategi Nagusian egingo den harrera ekitaldiarekin. Biharamunean, larunbatean, genealogia eta historia jardunaldi batzuk egingo dira eta Elizondo familiako kide ezagunenen biografiak aztertuko dituzte. Mintzaldiak 'Fray Servando Teresa de Mier' Liburutegi Nagusiko Auditoriumean izango dira, goizeko bederatzi t'erdietatik arratsaldeko bost t'erdietara.

Hitzaldiak eta elkar ezagutzea

Mintzaldien saio irekitzearen ardura Miguel Angel Muñoz Borregok izango du, 'Presentación del Testamento del Cap. Francisco de Elizondo de Aguilar' hitzaldiarekin. Ondoren Benicio Samuel Sánchez Garcíak 'Genealogía Molecular ADN' eta Guillermo Garmendia Lealek 'Resumen del Testamento del Cap. Francisco de Elizondo y Urdiñola'. Hamabietan José Francisco Garza Carrillok 'Exposición del Testamento del General Pedro de Elizondo González' mintzaldia eskainiko du eta bukatzeko Luis López Elizondok 'La Vida del General Luis Alberto Guajardo Elizondo'. Bazkalostean hitzaldiak aztertzeko mahaingurua eging dute partehartzaileek.

Aurreko urteetan bezala familia bilkurari bukaera emanez elkarreratze eguna egingo da igandean, hainbat lekutatik etorritako ahaideek elkarrekin hitz egiteko aukera izan dezaten. Antolakuntzako kide Edna Elizondok bertara biltzeko gonbitea egiten die Amerika eta mundu osoko Elizondotarrei. Monterreytik kanpo bizi direnentzat antolatzaileek Holiday Inn hotela hartu dute egoitza bezala. Bertan ostatua hartzeko deitu Oscar Aguilar jaunari 1 800 262 9263 ext. 1713 telefonora edo izena eman  www.turista.com.mx edo www.nl.gob.mx.

Lotura interesgarriak

Elizondotarren webgune ofiziala
www.elizondo.org.mx

Elizondo Familia
Foro genealogikoa

Elizondo, Baztan bailarako hiriburu
www.valledebaztan.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia