euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Alkartasun proiektuak garatzen ditugu mbya-guarani eta eskualdeko bertako beste komunitate batzuekin"

2014/05/01

Olga Rosa Leiciaga Elordi (erdian), Kontaketa Harrigarrien Lehiaketako sari-emate ekitaldi batean
Olga Rosa Leiciaga Elordi (erdian), Kontaketa Harrigarrien Lehiaketako sari-emate ekitaldi batean

PUBLIZITATEA

Corpus Christin bizi da Olga Leiciaga, Argentinako iparralde urrunean, Iguazuko urjauzietatik ez urrun, San Ignacio herriaren ondoan, probintzia honi Misiones izena eman zioten jesuiten misio erorien eskualdean. XIX. mendean Argentinara heldu ziren euskaldunen ondorengoa, Olga Rosa Leiciaga Elordi irakasle erretiratua da, pare bat euskal etxeren fundatzailea eta lankidetza eta alkartasuna praktikatzen duena bere auzoko komunitate indigenekin.

Joseba Etxarri. Kezkak dituen pertsona dinamikoa da Olga Leiciaga eta dituen 76 urteek ez diote bizitasunean makurrik ekarri, are gehiago, erreintsa edo maistra eta hezkuntza alorreko zuzendaritza lanetatik erretiratu zenetik ez baita gelditzen. Misionesen, alkartasuna parteikatzen du bere ingurukoekin, komunitate osoarekin eta partikularzki komunitate indigenekin. 

Barnean sakon sentitzen duen bere euskal identitatetik egiten du, Argentinako iparraldean natura aldetik ederra den eta La Mision bezalako filmeek munduratu zuten eremu aldi berean aberats eta bestetik 'atzeratu' batetik. 

Bertako Corpus Christi herrian sortu zuen orain hamarkada bat Corpusko Eusko Etxea, euskaldun askorik ez egon arren aktibotasun sozial eta solidario handia inarrosten eta bideratzen duen elkartea, barnean Atahualpa Yupanqui --ama euskalduna zeukan kantari handiaren ohoretan-- izeneko Herri Liburutegia, gazteentzako tailerrak, eskola bat eraikitzea edota komonitate aborigenei ura eraman edo materiala lortzea hornitzea bera partaide duten ekimenen adibide.

-Nola doa Corpus Christiko Eusko Etxea?

Ongi goazela pentsatzen dut, baina kostatzen ari zaigu haztea. Buenos Airestik urrun bizi gara. Ez daukagu banda zabalik eta zerbitzuak eskasak dira. Oinarrizkoak diren gauetarako ere arazoak ditugu. Esaterako, ezin ditugu jaitsi bideoak Liburutegirako eta euskara online ikasteko eta hurbil ez dauden hirietara behar dugu joan lan batzuk bete ahal izateko. Baina ez gara besoak gurutzatuta geratzen. Jakin badakigu guztia gure ahaleginen menpe dagoela eta gogor ekiten diogu.

-Ze proiektu daukazue esku artean?

Une honetan proiektu batean ari gara Corpuseko lehen mailako eskolekin, museologo bat buru eta ni neroni lankide, familien genealogia osoa gure Liburutegian izatearren. Ekarpena izango da Corpusko ondareari. Prestatzen ari gara baita ere Euskal Herriaren aldeko Ekainaren 8ko Giza Katearekin bat egiteko eta gutako batzuk datorren astean Buenos Airesen izango gara "Buenos Aires celebra al País Vasco" (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) ekitaldian parte hartzen, hau hiriburuko Laurak Bat euskal etxeak antolatua.

-Proiektu sozial ugari dituzuen elkartea zarete.

-Elkarte baliagarri eta eraginkorra nahi dugu izan, solidarioa eta kultura hedatzailea. Honela sortu genuen Atahualpa Yupanqui Herri Liburutegia, bertan guztiak berdin atenditzeko eta hortik gure tailerrak garatzeko haur, gazte eta zein helduentzat. Lan soziala daramagu mbyá-guaraní komunitate indigenekin. Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile eskola bat eraiki ahal izan genuen San Ignacio aldeko Tavá Mirí komunitatearentzat. Eta Gasteizko Gure Aita Komunitatearen eta 'Opaíbo' Osasun Herri Eskolaren laguntzarekin --azken honetako zuzendari Eneko Landaburu doktorea bazkide daukagu-- ur hornidura eman ahal izan genion eskolari. Zortzi komunitate aborigenekin egiten dugu lan Saladillo hiriko Karitasek eta INTAk (Instituto Nacional de Tecnología Agropecuaria) bidaltzen diguten arropa hornitzen, baratzerako haziak banatzen eta aholkularitza bideratzen.

-Zer da Kontaketa Harrigarrien Lehiaketa?

Liburutegiak 2009an abiatu zuen literatur lehiaketa bat idazketa bultzatu, gure istorioak eta ahozko ondasuna gorde eta jendeak irakurketa maitatzen ikastea sustatzeko, batez ere haur eta gazteen artean. Bi liburu argitaratu ditugu bildutako kontaketen hautaketa eginez. Lehiaketa bosgarren edizioan dago. Aurten gaia aldatu dugu, 'Familia istorioak' izango da.

-Aitaren eta amaren aldetik zara euskal jatorrikoa. Nola bizi izan duzu etxean?

-Ez daukat gogoan gaia ateratzen zenik. Aita, Hector Martin Leiciaga Arrospide, euskaldunen biloba zen. Ama, berriz, Delia Susana Elordi Aguirre, alaba. Nire aiton-amonetako hiruk izango zuten seguruenik zer kontatua euren biziaz, baina oso gazterik hil ziren eta ez nituen ezagutu. Hogeita hamar urte pasexe neuzkala jabetu nintzen euskalduna nintzela, ikertzen hasita eta aztertzerakoan arbol genealogikoa osatzeko. Geroago hartu nuen kontzientzia eta egunero ikasten dut gehiago guri eta gure kulturari buruz.

-Erretreta edo jubilazioak 'lanerako' denbora ekarri zizun.

-Lan bizitza osoa lehen mailako haurren erreintsa edo maistra gisa eta hezkuntzako ikuskatzaile eta zuzendari eman nuen. Erretreta hartuta, zeregin desberdinetan ibili eta euskal etxean buru-belarri lanean bukatu dut. Gehiago ala gutxiago asmatuko nuen, baina bizitzan beti arduratsu jokatzen saiatu izan naiz eta nire onena ematen hasi ditudan gauzetan.

-Buenos Aires probintziako Saladillokoa zara izatez eta bertan ere euskal etxearen sortzaile izan zinen.

-Alberto Aguirre eta biokin sortu zen. Saladilloko kaleetanegiten genuen topo, beti denbora larregirik gabe eta esaten genion elkarri, zer, euskal etxea noiz eta nola egin behar dugu? Eta iritsi zen momentu bat non ni Misionesera etorri behar nuela erabakitzen hasi nintzen eta orduan sortu genuen Zuzendaritza Batzordea.

-Zer izan beharko luke edo ze ekarpena egin beharko luke euskal etxe batek?

-Euskaldunen eta euskal kulturaren lagunen biltokia behar luke izan eta komunitate orokorraren aldeko ekimenak sustatu, kultura hedatzaile izan, euskal kausa ere konpartituz. Niretzat euskalduna izatea nire aurrekoen balio eta ideialekiko bizi konpromisoa da.

-Oker ez banago zure familian ere famili bilkuren antolatzaile zara.

-Oso familia bildua gara. Elorditar gertukoak Saladillora noan aldi oro batzen gara eta joan den azaroan lehenengo aldiz batu ginen lehengusu guztiak. Leiciagatarrak orain bi urte egin genuen azken aldiz eta famili bilkura berria azarorako deitu dugu, La Platako Euskal Argentinar Aste Nazionalean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia