euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aizpea Goenaga Etxepare Institutuaren ordezkari Atlantikoko Kultur Industrien I. Merkatuan

2013/11/21

MICAtlantica delako erakustaldia azaroaren 23tik 26ra burutuko da Santiago de Compostelan
MICAtlantica delako erakustaldia azaroaren 23tik 26ra burutuko da Santiago de Compostelan

PUBLIZITATEA

Argentina Nazioko Kultur Idazkaritzak eta Galiziako Xuntak antolaturik, Atlantikoko Kultur Industrien Lehenengo Merkatua Konpostelako Santiagon egingo da datorren larunbatetik azaroaren 26ra arte. Ekitaldiak Argentina eta Iberiar Penintsulako ekoizle eta enpresari kulturalak bilduko ditu eta ekintza programa trinkoa eskainiko die interesatuei. Bigarren egunean, Etxepare Euskal Institutuaren helburu eta lan lerro nagusiak aurkeztuko ditu eta telebistako plataformei buruzko mahai-inguru bat moderatuko Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak.

Buenos Aires, Argentina. Etzi inauguratuko da Konpostelako Santiagon MICAtlanticaren (Atlantikoko Kultur Industrien Lehenengo Merkatua) lehenengo edizioa. Proposamenak Argentina, Espainia eta Portugalgo kultura ekoizleak batuko ditu, esan nahi baita Diseinu eta Eskulanak, Musika, Argitalpenak, Arte Eszenikoak, Arte Audiobisualak eta Bideojokoak sortzeko lanean aritzen direnak.

Erakustaldia lau egunez luzatuko da eta aktibitateak zenbait gunetan banatuko dira. MICAtlántica EXPO izenekoan, esaterako, Galiziako industria kulturalaren produkzioak erakutsi eta tailer eta hitzaldiak eskainiko dira. MICAtlántica FORUM izenekoan, berriz, mahai-inguruak gauzatuko dira; MICAtlántica Show-en, artista ugariren ikuskizunak plazaratuko dira. Kontzertuei dagokienez, aipatu behar da Galiziako Erret Filarmonikoarekin batera Jose Luis Castiñeira de Dios eta Cristian Zarate musikari argentinarrak aurkeztuko direla eta Marcelo eta Hugo Dellamea gitarra joleek eta Chango Spasiuk soinujoleak ere joko dutela Santiagon.

Etxepare Institutua MICAtlantica-n

Argentina Nazioko Kultur Idazkaritzak eta Argentina eta Mercosur-erako Euskadiko Ordezkaritzak egindako ekarpenari esker, Euskal Autonomia Erkidegoak ere hartuko du parte ekimenean. Izan ere, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Institutuaren aurkezpena egingo du igandean, arratsaldeko ordu bietan, eta telebistako plataforma berriei buruzko mahai-inguru baten moderatzailea izango da egun berean arratsaldeko 4etatik aurrera. ‘Formatu berriak eta telebistako plataforma berrientzako edukiak’ izeneko mahaiak honako partaideak izango ditu: Claudio Villarruel eta Bernarda Llorente (Argentinakoa, ON TV/360TV); Gonzalo Armendares (Argentinakoa, Underground Producciones); Dario Janeiro (Galiziakoa, CINFO/R); eta Carlos Carballo (Galiziakoa, Voz Audiovisual). Gogora dezagun Aizpea Goenagak jardunbide oparoa daukala ikus-entzunezko arloan, zine eta telebistan, aktore, idazle eta zuzendari gisa.

-MICAtlantica-z informazio gehiago, www.micatlantica.org/index



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia