euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ainoa Irazusta argentinarra: "Dezepzio latza izan zen hemen Diasporari buruz inork gutxik dakiela ikustea"

2013/12/24

Telebistan ikusgai Ainoa Irazustak Urkullu Lehendakariari galdera egiten dion unea. Tamalez, ETBren errotulazioan ez da inondik ageri Diaspora hitza.
Telebistan ikusgai Ainoa Irazustak Urkullu Lehendakariari galdera egiten dion unea. Tamalez, ETBren errotulazioan ez da inondik ageri Diaspora hitza.

PUBLIZITATEA

Ainoa Irazusta euskalargentinarrak ETBko "Pregunta al Lehendakari" saioan parte hartu zuen joan den ostiralean eta bertan honako galdera egin zion Iñigo Urkulluri: "Diasporak autodeterminazioaren alde paper garrantzitsua duela uste al duzu?". Grabazioaren ostean partehartzaile askok Diaspora zer demontre ote den galdetzen ziotela dio, etsituta, Bahia Blancako euskal etxean hazi den neska honek. Ainoaren familia elkarte horretan buru belarri aritu da lanean beti, euskal kulturaren alde. Euskal Herrira bizitzera etorri zenean konturatu zen hemen Argentinako euskaldunen berri inork gutxik zuela, eta dezepzio handia izan zela dio.

Zarautz, Gipuzkoa. Ainoa Irazusta euskal argentirra iaz etorri zen Euskal Herrira, Bahia Blanca sorterria utzita, Zarautzen Karlos Argiñano sukaldariaren eskolan praktikak egin eta gastronomia ikasketak egitera. Betidanik gustatu izan zaio sukaldean aritzea; familiarekin ikasi zuen grina omen da.

"Amonaren eta nire aitaren kroketak dira errudunak, hortik datorkit grina hau", esan dio Ainoak EuskalKultura.com-i. "Bahia Blancako Euskal Etxean talde handi bat biltzen ginen, jaietarako eta edozein ekitalditarako janaria prestatzera: tortilak, enpanadak... Plazera zen beti, bagenekielako gu lanean ari ginela besteek janariaz gozatzeko, lagunartean eta aldarte onean", azaldu du.

Politikatik sukaldera jauzi

Politika ikasketak hasi zituen Ainoak, baina aurki konturatu zen bere ametsetatik politika "errealera" tarte zabala zegoela. "Politika erreala ez zen niretzako, nik ezin nuen gauza bat esan eta beste bat egin", gogoratu du. Karrera hori utzi eta sukaldaritza ikasten hasi zen.

Ainoaren senitarteko asko Euskal Herrira etorriak ziren, eta haien babesean, bera ere etorri zen, Iker anaiak Zarautzen eta Orion dituen bi txiringitoetan --Borghetto eta Gure Aitona-- udan laguntzera. 2009an etorri zen aurrenekoz, eta iaz berriz ere bueltatu zen, oraingoan urte osoan gelditzeko Argiñanorenean ikasten.

"Inork ez daki ezer"

ETBko saioaren emisioan Ainoaren azento argentinarrak jakinmina piztu zuen, Diasporari eta autodeterminazioari buruz egin zuen galderak bezalaxe. "Grabaketa amaituta, bat baino gehiago etorri zitzaidan Diasporaren kontu hori zer demontre ote zen galdezka", esan du berak. [Programa osoa berriz ikusteko, jo hona].

"Ez dizut gezurrik esango, hona etorri nintzenean sekulako dezepzioa izan nuen. Iaz Zarautzeko dantza talde batean sartu nintzen, eta orduan konturatu nintzen hemen inork gutxik duela Diasporaren berri. Tutik ere ez dakite!", kexatu da 27 urteko gaztea. "Harrituta zeuden nirekin: Baina non ikasi duzu dantza hori? Argentinarra izanda zergatik duzu Ainoa izena?".

"Ez dute ulertzen han euskal kulturan murgilduta gaudela buru-belarri, nahiz eta argentinarrak izan. Hemen ez dakite iaz Buenos Airesen Euskal Herriaren omenezko azoka egin zela eta jarduera andana izan zirela Buenos Aireseko kaleetan. Gauza handia izan zen, baita maila politikoan ere", gehitu du.

Informazioa sustatu beharra

Informazio falta horri konponbidea emateko bideak sustatzea eskatu du Ainoak. "Ez dakit zein den arazoa, informazioa ez dela heltzen edo hemengoek horren berri jakiteko interesik ez dutela, besterik gabe. Nik animatu nahi ditut deskubritzera Atlantikoz bestalde badagoela euskal kultura barne-barnetik sentitzen duen fan talde handi bat. Horren berri eman beharra dago, informazio hori guztia zabaldu behar dugu", amaitu du.



Komentarioak

  • Diasporarekiko sentsibilitatea

    Ondo iruditzen zait Ainoak diasporaz eta Euskal Herriaz egiten duen gogoetarako aldarria, hala jotzen bai ditut bere hitzak. Ainoari gertatu bezela, neri ere maizegi gertatu izan zait Euskal Herrian diaspora hitza ezezaguna izatea jende askorentzat baina hitzaren anekdotaz aparte, esan behar det hitzegin dudan jende askoren ezagutza diasporaren errealitateaz eskasa, murritza edo hutsaren hurrengoa izatea tokatu izan zaidala. Zein da, ba, diaspora garaikidearen presentzia euskal komunikabideetan? Hezkuntza eta eskoletan? Zer ikasten dute Eusko Jaurlaritzaren azpiko eremuan ikasle euskaldunek gure diasporaz ezer ikasten badute? Diaspora familian edo inguruan bizi degunok jakina ezagutzen dugula, eta gehienetan seguru gurea diasporaren ezagutza aktiboa dela. Baina gainontzekoek? Zer politika darama horretaz gobernuak? Euskal Kultura buletin hauxe salbuespena da euskal diasporaren berrigintzari dagokionez eta azken egun hauetan idatzi digute esanez bere jarraipena ere zalantzan dagoela arazo ekonomikoengatik (argituko digu gobernuak zertan dabilen EKultura ixten uzten badu!). Eusko Jaurlaritzak politika ausartagoa eta eraginkorragoa sustatu beharko luke diasporaz, diaspora bera indartuz eta ondorioz bere islada hobeagoa emanez euskal jendartean.

    Amaya Aguirre, 2013/12/25 19:54

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia