"Ainara" filmean parte hartzeko 18 eta 78 urte bitarteko 30 figurante aukeratzeko prozesua ireki da
Emeki emeki aurrera darrai "Ainara" filmearen produkzio prozesua, apurka apurka internet eta sare sozialen bitartez ekimenerako indarrak bilduz. Proiektu berezia da "Ainara" eta, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz gauzatzeaz gain, auzolanean ari dela osatzen da bere ezaugarri nagusia. Hori dela eta, ekimenaren ardura duten Euskal Herriko eta Diasporako profesionalek kolaboratzaileei figurante gisa parte hartzeko aukera eman nahi diete eta 2013an egingo den filmaziorako 30 figurante aukeratzeko epea ireki dute. 18 eta 78 urte bitarteko gizon eta emakumeen bila ari dira.
Donostia-San Sebastian. Aurrera doa "Ainara" luzemetraia eta azken asteetan euskal profesional askok bat egin dute Jean Darrigol zinemagilearen proiektuarekin. Horietako batzuk dira, adibidez, Zea Mays talde ezaguna (filmearen soinu bandan parte hartuko du) eta Garbiñe Insausti aktorea (nazioartean arrakastatsu "André & Dorine" antzezlanarekin; ikus albistea Euskalkultura.com-en, hemen). Filmeak Estatu Batuetako euskal Diasporan hazi den neska baten istorioa kontatzen du; bera Ainara da, eta familiaren etxe zahar eta misteriotsura bueltatzen denean abiatzen da filmea.
Filmazioa 2013an hasiko da, baina arduradunek hasi dute jada figurante bezala parte hartzeko aukeraketa prozesua. Euren esanetan, "aurrerapen handiarekin egiten da prozesu hau, ahalik eta internet erabiltzaile gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten". Izan ere, auzolana eta kolaboratzaileen ekarpenak oso garrantzitsuak dira proiektuan, eta arduradunek biziki nahi dute zaleak "Ainara"ren produkzio prozesuko parte izatea.
Ekoizleek 30 figurante aukeratuko dituzte; hautagaiak 18 eta 78 urte bitarteko gizon zein emakumeak izan daitezke. Euskal Herriko taberna batean gertatzen den eszena batean edo gehiagotan agertuko dira.
Aukeraketan parte hartu nahi dutenek "Ainara"ren Facebook orrian eman behar dute izena eta euren 1-4 argazki bidali beharko dituzte, horietarik bat gorputz osokoa.
-"Ainara"ri buruzko informazio gehiago, filmearen webgunean

"AINARA" HERRI URRATSEN