euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

91. urteurrena ospatu eta Zuzendari Batzordea berritu du Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak

2014/05/22

Antonio Baztan, Graciela Fernandez eta Hector Baztan (argazkiaEE)
Antonio Baztan, Graciela Fernandez eta Hector Baztan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Hamalau urteko agintaldiaren ostean, eta euskal etxearen Biltzar Orokorraren baitan, elkartearen zuzendaritzaren lekukoa pasatu die Antoni Baztan-ek Hector Baztan lehendakari eta Graciela Fernandez lehendakariorde berriei. Agintaritza berritzea, erakundearen 91. urteurrena baino aste batzuk lehenago burutu zen Patagonia argentinarrean jardunbide handikoa den euskal etxe honetan. Batzorde berria hautatu izana eta lekukoa hartzea ospatzeko, otordu bat partekatu zuten elkartearen egoitzan, besteak beste partaide zirela agintari ohi eta berriak, dantzariak eta lagunak oro har.

Comodoro Rivadavia, Argentina. Argentina australenean, Chubut eta Santa Cruz probintzien arteko mugan,  Atlantikoaren kostaldean, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea mundu osoko hainbat bazterretatik etorritako immigranteen elkartzeko joeraren adibide adierazgarria da oso: lur berriari batere bizkarra eman gabe, jatorrizko nortasuna eta ohiturak mantentzen jakin zituztenen adibidea.

Bertako Diario Cronica egunkarian erakundeko kideek beraiek adierazi legez, “Comodorora iritsi ziren euskaldunek ez zuten hemengo hizkuntza, ohitura eta bizimoduaren berri. Kari horretara, eta herriminari aurre egiteko asmoz, euren egoera berean zeudenekin elkartzeko premia sentitu zuten".

Aipatu artikuluak esana hona ekarriz, "XX. mendearen hasieran Antonia Garro, Jose Iparraguirreren alarguna zenaren jatetxean biltzen ziren euskal etorkinak bertan pilotalekua zegoelako. Musean ere aritzen ziren, besteak beste, Salaberry anaiak, E. Astigarraga, Juan Maria Otaño, Irisarri anaiak, Nazario Iparraguirre, Juan Iparrea, Jose Sanz, Rufino Iñurrita, Marcos eta Juan Bautista Alberdi, Domingo Urbieta eta Orduña, batzuk aipatzearren.

Pilotalekua erre egin zenenean Belgrano kalean, italiarren elkartearen ondoan zegoen beste pilotaleku batera mugitu ziren. Francisco Iparraguirre zaintzaile, askotan koadrila batzen zen hor, Leopoldo eta Juan Iparraguirre, Enrique Beloki, J.M. Lusarreta eta Miguel Irurzun lagunak partaide. Bilera hauetan piztu zitzaien leku propioa izateko grina. Esan eta egin. 1923ko maiatzaren 20an Vasconia izeneko hotelean bildu ziren hogeita hamahiru euskaldunek Comodoro Rivadavia Euskal Echea Elkartea sortu zuten. Urteetan euskal instituzioak 25 de Mayo kalean izan zuen bere egoitza.  

Baina denboraren poderioz eta elkartea zabaltze aldera, 1986an egoitza zaharra saldu eta beste handiago bat eraikitzeari ekin zioten. Egoitza berria, Alsina kalean dagoena, 1988ko abenduan inauguratu zen, Gure Ametsa izenpean. Baina lorpenak ez ziren hor bukatu. 2012an jai areto bat ere inauguratu zen euskal etxearen barruan. Jende askoren lana eta engaiamendua lagun, 2014an 91 urte bete ditu euskal etxeak eta hori dela eta esker beroak eman nahi dizkiete euskal comodorotarrek garai guztietako euren kideei eta baita ere Eusko Jaurlaritzari eta Comodoro Rivadavia hiriari”.

Zuzendaritza berria

Ibilbide handiko erakunde sendoak sortzeko beharrezkoak dira aitzindari indartsuak. Eta Comodoroko euskal etxeak izan ditu bereak, tartean Antonio Baztan. Azken hamalau urte hauetan etxeko lehendakaria izan dena 1956. urtean sartu zen Euskal Echea-n eta bertako lehenengo dantza taldearen sortzaileetako bat izan zen. Helduen esperientzia, baina gazteen indarra ere behar dute erakundeek eta joan den apirilaren 26an burututako Urteroko Biltzar Orokorrean, agintaritza berria hautatu zuten euskal etxean. Bilkura bukatutakoan, datozen bi urteetan lehendakari eta lehendakariordea izango diren Hector Baztan eta Graciela Fernandez-ek otordua partekatu zuten batzordekide ohi eta berriekin, dantzariekin eta lagunekin.

Batzar Orokorrean bozkatu eta adostutakoaren arabera, ondokoak dira batzorde berriko kideak:

-Lehendakari: Hector Baztan
-Lehendakariorde: Graciela Fernandez
-Idazkari: Cristian Salaverria
-Idazkariorde: Norma Baztan
-Diruzain: Gloria Iparraguirre
-Diruzainorde: Santiago Baztan

-Batzordekide titularra: Ignacio Baztan
-Batzordekide titularra: Gonzalo Seguel
-Batzordekide titularra: Maite Baztan
-Batzordekide ordezkoa: Jose Calzada
-Batzordekide ordezkoa: Nilda Huiche
-Batzordekide ordezkoa: Eduardo Vergel

-Batzorde Kontu Ikuskatzailea: Sandra Arruabarrena eta Julia Ibarguren



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia