euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

22 botorekin atera da Ricardo Basterra FEVAko lehendakari, oso partaidetza gutxiko hauteskundeetan

2010/03/22

FEVAko Batzorde Berriko kideak (argazkiak EuskalKultura.com)
FEVAko Batzorde Berriko kideak (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ricardo Basterra, Santa Rosa La Pampako hiriburuko Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria eta, orain arte, FEVAko diruzain zena da joan den larunbatetik aurrera euskal-argentinar euskal etxeen federazioko lehendakaria, Felipe Eiheragibeli ordea hartuz. Kanpainaurre azpijokotsu batek --honen ondorioz, Renovacion Vasca zerrenda berritzaileko buruak, Alejo Martinek, ez aurkeztea erabaki zuen-- oso partaidetza maila apaleko Ohiko Biltzar Nagusi bat ekarri du, duela bi urteko azken Biltzarrarekin alderatuta bederen, aldi hartan Felipe Eiheragibelen zerrenda ofizialistak 26-23ko tarte laburraz irabaki baitzion Alejo Martinenari. Oraingoan, FEVAko lehendakariak 22 aldeko eta 6 bozka txurirekin beregatu du kargua.

Buenos Aires, Argentina. Ricardo Basterra da FEVAko lehendakari berria. Honela erabaki zuen joan den larunbateko Ohiko Biltzar Nagusira ordezkariak bidali zituzten euskal etxeetako ordezkarien  gehiengoak. Hauteskundeotan federazioko kargu nagusienak erabaki ziren, hala nola lehendakari, idazkari, diruzain, 4 Zuzendaritza Batzordekide, eta Batzorde Kontu-Ikuskatzailea osatzeko bazkide federatuen hiru ordezkari. Lehian geratzen zen zerrenda bakarra atera zen, orain agintean daudenen jokabide jarraikorrekoa.

Biltzarra eta hauteskundea bera normaltasun giroan gauzatu ziren, nahiz eta gauza bera esaterik ez dagoen hauteskunde kanpainari buruz edo, gutxienez, kanpainaurreaz, hauteskundeetan lehiakide izango zela iragarria baitzuen 'Renovacion Democratica' edo 'Renovacion Vasca' zerrendako buru eta suspertzaile zen Alejo Martinek --Cordoba hiriko Euskal Etxeko lehendakaria, bera--, 16 euskal etxeren sinadura lagun. Martxoaren 1ean, zerrendak aurkezteko epe amaitzen zen egunean berean, hautagaitza alternatiboak aurkezteari uko egiten ziola esan zuen, salaketa larriak jaurtiz 'presioak, txantajea eta mehatxuak' egon zirela esanez, EuskalKultura.com-i, bere aldetik, Ricardo Basterrak horri buruzko ardura arrastorik ukatzen zuen bitartean.

FEVAko hauteskundeak 03

[Bilkuran parte hartu zuen jendea (argazkia EuskalKultura.com)]

Testuinguru honetan, martxoaren 20ko Biltzarra euskal etxeen partaidetza apal batez egin da --bozkatzeko eskubidea zeukaten euskal etxeen erdia baino gutxiago--, seguruenik hautagaitza bakarreko hauteskundeak izanik, emaitzak aldez aurretik jakindakotzat ematen baitziren, prozesu guztiaren kalitate demokratikoa ahulduz. Hauteskundea eginik eta bozkak zenbaturik, Ricardo Basterra aldeko 22 bozkaz eta 6 bozko zuriz atera zen lehendakari.

Ustekaberik ez zen egon, beraz. mahaiak datuok jakinarazi ondoren, bertaratutakoen zorion agurrak jaso zituen Ricardo Basterrak eta hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari: “FEVA guztientzat da, eta barrutik zein kanpotik egin dezakegun guztiak indartuko gaitu". "Litekeena da norbaitek oztopoak jartzea gure bidean, baina euskaldunok, geure indarrarekin gainditu ditugu oztopo horiek. Argentinan gaude eta erakutsiko dugu FEVA erakunde politikoa bai baina alderdikoia ez dela. Talde abertzale guztiak ordezkatuta egongo dira. Erakutsiko diogu mundu osoari, elkarrekin askoz talde indartsuagoa izango garela”.

FEVAko hauteskundeak 01

[Ricardo Basterrak bere botoa jarri jartzen (argazkia EuskalKultura.com)]

2008ko emaitzekin konparatuz

Nahiz eta larunbateko hauteskundeak oso giro lasaian egin ziren, hauteskunde-aurrekanpainak ekarri zuen norgehiagokak bere ondorioak izan zituen. Botoa eman zezaketen hirurogeita hamar bat etxeetatik 28k baino ez zuten botoa eman. Duela bi urtekoekin konparatuz oso eskas, kontuan izaten badugu 2008an 49 euskal etxek bozkatu zutela. Aurten prozesuan parte hartu zutenenak 28 izan dira orotara. Emaitza hauekin hautetsi hauek geratu dira:

-Ricardo Mario Basterra (lehendakari), kargu pertsonala (Santa Rosa)
-Marta Abarrategui (idazkari), kargu pertsonala (Arrecifes)
-Hugo Andiazabal (diruzain), kargu pertsonala (Junín)

-Batzordekide titularra: Javier Ederra, Unión Vasca, Bahía Blanca
-Batzordekide ordezkoa: Mikel Irazusta, UV, Bahía

-Batzordekide titularra: Liliana Raquel Rouan, Euskal Etxea Villa Mercedes
-Batzordekide ordezkoa: Julio Vicente Esnaola, EE Villa Mercedes, SL

-Batzordekide titularra: María Inés Ostolaza, Denak Bat, Lomas de Zamora
-Batzordekide ordezkoa: Begoña Lentini Ordoqui, DB, Lomas

-Batzordekide titularra: M. Angeles Oñederra, Toki Eder, José C. Paz
-Batzordekide ordezkoa: José Erostarbe Aramburu, Toki Eder

-Kontu ikuskatzailea: Javier Clúa, Euzko Etxea, La Plata
-Kontu ikuskatzailea: Fernando Lizarbe, Zazpirak Bat, Rosario
-Kontu ikuskatzailea: Elvira Mariaba Guruceaga, Guillermo Larregui EE, Chacabuco

Elvira Kortajarena eta Guillermo Echeniqueren bisita

FEVAko bilkura bukatu ondoren, Federazioko agintari berriek eta euskal etxeetako ordezkariek Elvira Kortajarena, Euskadiko ordezkaria, eta Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusiaren bisita jaso zuten. Basterrak, FEVAko lehendakari berri legez ongi etorria eman zien. Echeniquek bere bidaiaren berri eman zien euskel etxeetako ordezkariei, Txilen egon zela hango Euskadiko ordezkari berriarekin, Ana Urchueguiarekin, eta astelehen honetan (gaur) elkartuko zela Lopez lehendakariarekin Brasilen, hura euskal ordezkaritza zabal bateko buru egiten ari den bidaian. Kortajarenak, berriz, Argentinako euskal etxeetan egiten ari den bisitei buruz hitz egin zuen. Azalpen horien ondotik, galderen txanda moduko bat zabaldu zen, eta hor itaunkorki eta tonu gogorrean egindako galdera batzuk jasan zituzten bi ordezkariek, kasu batean bereziki abegikortasun handirik gabe eta batere ongietorri izpiriturik gabe, tentsio uneak sortuz, beraz. Une horiek pasata, eta jendaurreko galdeta eta hitzen txanda bukatuta, hainbat jende hurbildu zen bi kargudunengana, agurtu, aurkeztu eta iruzkin eta galdera zehatzagoak egiteko.

FEVAko hauteskundeak 02

[FEVAko osoko bilkura orokorra bukatu ondoren, agintari berriek eta euskal etxeetako ordezkariek Elvira Kortajarena, Euskadiko ordezkaria, eta Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusiaren bisita jaso zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Mintzaldia bukatuta, EuskalKultura.com-ek ere Guillermo Echeniquerekin hitz egiteko aukera izan zuen eta FEVAko hauteskunde-kanpainari buruz galdetuta, hauxe esan zuen: “Badakit duela bi urteko egoera bera sortu zela, bi zerrenda sortuz". "Distantziatik eta errespetuz segitu dugu", gehitu zuen. "Izan da, bai, guztiz ulertu ez dugun gauzaren bat. Ez dut ulertzen, benetan, eta zentzugabea eta interesatua iruditzen zait ordezkariari hauteskunde prozesuan sartu izana leporatzea. Salaketa horrek ez du ez hanka eta ez buru eta argi dago guk bilatu dugun eta gurekin zerikusirik duen egoera ez dela. Orain dela bi urte gu ez ginen hemen, eta orduan ere bi zerrenda sortu ziren. Hor, nire ustez, fede txarreko zerbait gertatu da, guri inondik inora izan ez dugun jokabide bat egotziz. Baina orain hori guztia joana da eta aurrera behar dugu segitu, eta horretara gatoz, FEVArekin eta euskal etxeekin batera lan egitera, ahal dela indarrak metatuz, eta norabide berean".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia