euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eztitxu Hariñordoki baigorriarra, Bakersfield-en euskara eta kultura irakasle: 'Esperientzia bikaina izan da'

2014/07/09

Masterra bukatu berritan jaso zuen Eztitxu Harignordoquyk Ameriketara lan egitera joateko eskaintza (Argazkia EH)
Masterra bukatu berritan jaso zuen Eztitxu Harignordoquyk Ameriketara lan egitera joateko eskaintza (Argazkia EH)

PUBLIZITATEA

Euskal filologoa da Eztitxu Hariñordoki (Baigorri, 1990) eta euskara eta euskal kultura irakasten ibili da aurten Estatu Batuetan, Kaliforniako Bakersfielden. Otsailean hasi eta uztailean bukatu ditu egin beharrekoak. Euskal Etxeko haur eta helduei eta CSUB unibertsitateko ikasleei Euskal Herriaren puska bat erakutsi ostean, NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak bertako haur euskaldunei zuzendutako udalekuetan parte hartu du Elkon. “Gauza ederra izan da egunero altxatu eta haurrei eskolak ematera joatea”, aitortu dio Euskalkultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi, Estatu Batuak. Urte hasieran, ikasketak bukatu eta berehala eskaini zioten Eztitxu Hariñordokiri Bakersfield-era etortzeko aukera. Orain, lana amaituta eta bertako egonaldia bere azkeneko txanpan duela, "bikain" eta "Kristoren esperientzia aberasgarri"tzat jotzen du Eztitxuk hemen bizi izandakoa. "Hona etortzea nire bizitzako esperientziarik onena" izan dela esan digu gazte baigorriarrak.

-Zer nolakoa izan da zure lana Bakersfielden?

-Hiru ikasle mota izan ditut: Euskal Etxean, bertako haurrak eta bertako helduak; eta Unibertsitatean, Bakersfieldeko California State University-ko (CSUB) ikasle amerikarrak. Egokitu behar izan dut nire lana, beraz. Euskal Etxeko helduek Euskal Herriaz eta euskal kulturaz gauza anitz badakite baina gaur egun gertatzen den guztia ez, beraz hori irakatsi diet ere. Haurrekin, kantuen bidez irakatsi diet euskara; Bakersfielden ospatuko zen jaialdian [maiatzaren 23tik 26ra bitartean egin zen, 2014ko NABOren Biltzar Nagusiarekin batera) kantatzeko abestiak prestatu nituen, gurasoek heien haurrek piknikeko ikuskizunean kantatzea nahi baitzuten. Eta unibertsitatean, hizkuntzan baino, kulturan egin nuen lan gehiago. Hamaika ikasle nituen, guztiak iparramerikarrak, eta interesa bazuten, izan ere ikasgai hau beste hainbaten artean hautatua baitzuten, baina hastapenean ez zekiten zuzen Euskal Herria non zen ere, ezta euskara hizkuntza bat zenik ere. Haiengan ezagutza orokor bat ematen eta interesa areagotzen saiatu izan naiz.

-Eta NABO Udalekun Elkon?

-Euskara irakatsi diet haurrei, Anita Franzoiarekin batera. Bi astetxo genituen haurrei zerbait irakasteko eta umeen maila desberdina zelarik ez da erraza izan. Haien burua nola aurkeztu irakatsi diegu, kantu batzuk ere bai, hiztegi bereziarekin. Kantuen artean, “Aldapeko sagarraren”, gazte handiek bazekiten baina Bakersfielden konturatu nintzen zer edo zer dela-eta izugarri gustatze zaiela. “Lehenengo ikasgaia” kantua Izan aditza ikas dezaten erabili dugu eta “Guk euskaraz”, haiengan kontzientzia pizteko, haiek baitira Ameriketako euskaldunak eta beraiek gabe euskara hilen delako.

-Horrenbeste ume, Euskal Herritik urrun euskara eta euskal kultura ikasten. Zer sentipen sortu dizu?

-Ikaragarrizko poza, hori segur. Hain urrun izatea eta 75 haur --65 Elkotik kanpo etorriak eta beste hamar bertakoak-- hone euskara eta euskal kultura lokarri bilduak, ongi pasatzen... gainera, lekurik ez zegoelako, beste asko kanpoan geratu behar izan ziren. Denek joan nahi dute Udalekura, ikaragarrizkoa da. Beraz, poza sortzen dit baina tristura pixka bat ere bai, Iparraldean ingurura so egin eta ikusten baituzu anitzek ez dutela batere interesik. Horrek sortzen dit tristura pixka bat.

-Irakastera etorri zara baina ziur zerbait ikasi duzula ere.

-Gauza anitz ikasi ditut euskal amerikanoengandik. Ni Baigorrikoa naiz eta Bakersfielden Baigorri eta Baztan aldeko jende asko dago, orduan oihartzun anitz nuen etxean hona etorri aitzin honen inguruan. Gainera nire aita bertsolaria da [Jean Luis “Laka” da bere aita] eta hona etorri zen, duela sei urte, bertsotan. Bertakoengandik gehienik harritu nauena haien arteko elkartasuna izan da eta euskaldunei egiten diguten ongi etorri beroa. Bihotzean daramate sentimendu hori, euskaldunak izan nahi dute. “I am Basque” (“euskalduna naiz”) esaten dute beti.

-Diasporarekin duzun lehen harremana izan duzu?

-Niretzat, harreman pertsonal zuzena, hala izan da, baina nire aitatxi Wyoming-en artzain ibilia zen, bost urtez. Gero itzuli egin zen. Bestela Euskal Herrian ezagutu izan ditut amerikanoak, San Frantziskoko bat, esaterako, Bidarraira joan zen eta nire dantza taldean sartu zen.

-Lagunei gomendatzeko moduko esperientzia da bizi izan duzuna?

-Bai, hori segur. Konturatzen naiz zer zorte ukan dudan hona etortzeaz, zerutik etorri zaidan aukera izan baita. Sei hilabete hauek izan dira nire bizitzako esperientziarik onena. Kristoren zortea ukan dut eta ona izango zen nire ingurukoek egiten ahalko balute.

-Hemengo lana bukatuta, orain, zer plan?

-Egun batzuren buruan Senpereko lagun bat etorriko zait eta lau astez ibiliko gara Kalifornia, Nevada, Utah eta Arizona ezagutzen, nire autoarekin. Bisatua abuztuan bukatzen zaidanez itzuli behar naiz, baina lau hilabetez egongo nintzan hemendik bidaiatzen, kar, kar!

-Eta profesionalki?

-Oraindik ez naiz segur-segur baina irakaskuntza anitz gustatzen zait. Euskara irakaslea nahiko nuke izan Iparraldean, Seaskako eskoletan. Dialektologia eta soziolinguistika ere anitz gustatzen zaizkit eta, agian, hori egingo dut. Euskara batuari buruz egin nuen Euskal Filologiako masterreko ikerketa Iparraldean, zaila izan zen baina asko gustatu zitzaidan. Euskara ofiziala ez denez Iparraldean anitz gauza daude oraindik egiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia