euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Hego Amerikarentzat eredu izan den herrialde batean halakoak gertatzen direla ikusteak asko harritzen du”

2014/04/16

Buenos Aireseko San Martin Antzokiko Aretoan dokumentala aurkeztu ondoren, Euskaltzaleakeko lagunekin mintzatu ziren Amaia eta Aitor Merino zuzendariak (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aireseko San Martin Antzokiko Aretoan dokumentala aurkeztu ondoren, Euskaltzaleakeko lagunekin mintzatu ziren Amaia eta Aitor Merino zuzendariak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Apirilaren 9, 10 eta 12an aurkeztu zen Amaia eta Aitor Merino zuzendarien “Asier ETA biok” pelikula Buenos Aireseko BAFICI zinemaldian. Emanaldien ostean eta zuzendariak lagun, ideia trukatze interesgarriak sortu ziren dokumentalaren egileen eta erabat harrituta geratu zen publikoaren artean. Aitor Merinoren esanetan, “jendeak ezin du sinetsi Europako herrialde batean, Hego Amerikan eredutzat hartua izan den Espainian alegia, gaur egun gauza hauek gertatzea”. BAFICI zinemaldiaren azken saioan bukatzean, Euskaltzaleak euskaltegia bisitatu eta eztabaida bizi batean hartu zuten parte Merino anai-arrebek.

Buenos Aires, Argentina. BAFICI izeneko Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independentearen Zinemaldian estreinatu da “Asier ETA biok” dokumentala Argentinan. Aitor eta Amaia Merino zuzendari donostiarrak propio etorri ziren Buenos Airesera eta Argentinako hiriburuko zinema aretoetan bertako publikoaren iritzia aurrez aurre ezagutu ahal izan zuten.

Jende ugari eta erakunde askotakoa bertaratu zen zinemetara pelikula ikustera, tartean, zinemazaleak eta Giza Eskubideen erakundeetako ordezkariak, eta baita ere euskal diaspora argentinarreko kideak. Aitor Merinoren hitzetan, “harrera oso ona izan du pelikulak. Emanaldiak oso ezberdinak izan dira; lehenengo bietara argentinarrak eta euskal gatazkari buruz ezer gutxi zekiten lagunak joan ziren. Eta nire ustez, oso harrituta geratu ziren; oso zaila egiten zaie ulertzea Europako herrialde batean, Hego Amerikarentzat eredu izan den herrialde batean, gauza hauek gertatzea. Asier gaur egun preso dagoela aipatu genuenean, sinestezina iruditu zaie”, adierazi dio aktore eta zuzendari den Merinok EuskalKultura.com-i.

BAFICIren ostean, euskal etxeko debatea

Apirilaren 12ko saioa bukatzean, eta Euskaltzaleak-eko lagunek gonbidaturik, Amaia eta Aitor Merino euskaltegi horretan bildu ziren, bertako kide eta lagunekin. Afaldu eta gero, pelikulak pizten dituen hainbat gai polemiko –eta pelikulan agertzen ez direnak baina gaiarekin harreman handia dituztenak ere– atera ziren eztabaida bero eta luze baten baitan, hala nola, Baltasar Garzon epailearen rola, muturreko posiziorik gabeko dialogoaren beharra, Argentinako zein Espainiako hedabideek egiten duten informazio hautaketa, Euskal Herritik kanpo dagoen informaziorik eza eta norberaren engaiamendua gertatzen ari dena salatzeko.

“Bakoitzak bere esku dagoena egin behar du. Gure kasuan, adibidez, pelikula bat egin genuen, gure ingurukoengan –batez ere Madrilgo gure lagunengan– galdera berriak sortarazteko helburuarekin. Dokumentala ikusita haiek galdetu ahal izango diote euren buruari ea hedabide espainiarrek historiaren zati bat baino ez ote dieten kontatzen… hori baino ez da izan gure asmoa dokumentalarekin… galderak sortaraztea… Eta kontu handiarekin egin dugu… jende askok, ezer ez dakienak, uste du posizio neutrala duela eta askotan konturatu gabe alde baten alde jokatzen dute”, adierazi du Amaia Merinok gauzak dauden moduan zer egin daitekeen galdetuta.

Ia bi ordu iraun zituen debatean gonbidatuek eta publikoak hartu zuten parte begirune eta aldi berean  engaiamendu handiko era batean. Hausnarketa moduan, Aitorrek mahaigaineratu zuen ezin ziola errealitateari begiratu ikuspuntu zorrotzetatik. “Gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Elkarren arteko ulertu ahal izateko, besteek ere pairatu eta jasan egiten dutelako, pentsatu behar dugu grisak ere badaudela. Nik bezala pentsatzen ez duenak entzutea nahi badut, ezin diot oihu egin… Ikustarazi behar zaio amankomunean zer dugun, gero esan ahal izateko ‘baina honek banatu egiten gaitu’. Gainera, euskalduna izateko Espainiaren kontra egon behar dugu bai ala bai? Badaude batzuk erdian sentitzen direnak eta egunen batean independenteak izatea lortzen badugu, espainiarrak sentitzen direnak ere izan behar ditugu kontuan”.

Azkenean, eta zergatik egin zuten dokumentala elkarrekin, -gogoan izan Amaia Ekuadorren bizi dela eta Aitor Madrilen-  hauxe erantzun zuten Merino anai-arrebek: “Guraso bereko seme-alabak garelako; lur bereko seme-alabak garelako… biok bizi izan dugu errealitate bera, biok gara Asierren lagunak eta berari buruz hitz egiten dugunean, guri buruz ere hitz egiten dugulako”.

Euskal Etxeetan proiektatzeko aukera

“Asier ETA biok” dokumentala euskal gatazka ezagutzen ez duen publikoari zuzenduta egon arren, euskal etxeetan emateko aukera “paregabea” iruditzen zaie zuzendariei. “Pelikula egin genuenean Diasporaz pentsatu ez badugu ere, gustatuko litzaiguke euskal etxeetako jendeak ikusteko aukera izatea. Eta uste dugu enpresa banatzaileak ez duela arazorik izango, irabazi-asmorik gabeko erakundeak baitira. Beraz, gure aldetik dena egingo dugu burutu ahal izateko”, dio Aitorrek.

Eztabaidaren baitan, euskal preseno eta Giza Eskubideen alde lan egiten duen Buenos Airesko ‘A casa/Etxera’ elkarteko ordezkariek duela urtebete hasitako aktibitate batean parte hartzera gonbidatu zuten. Asmoa euskal presoekin eta beren ahaideekin gutunenez harremanetan egotea da. ‘A casa/Etxera’ elkarteko kideekin kontaktatzeko, hona helbide elektronikoa: colectivoacasa@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia