euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Erabat gomendagarri”tzat jo du Memoria Bizia proiektuko ikastaroa San Frantziskoko Nathalie Urrozek

2014/07/21

Ikastaroetan San Frantziskon partaide izandakoetan batzuk. Proiektuko sostengatzaile dira Deustuko Unibertsitatea, NABO, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Institutua eta Nevada-Renoko Unibertsitatea (argazkia PJO)
Ikastaroetan San Frantziskon partaide izandakoetan batzuk. Proiektuko sostengatzaile dira Deustuko Unibertsitatea, NABO, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Institutua eta Nevada-Renoko Unibertsitatea (argazkia PJO)

PUBLIZITATEA

Pedro J. Oiarzabal ikertzailea Kanada eta Estatu Batuetan ematen ari den Memoria Bizia programako ikastaro batean hartu du parte San Frantziskon Nathalie Urroz-ek. 23 urteko sanfrantziskotar honen aburuz “oso garrantzitsua da belaunaldi gazteentzat zaharrenek esateko dutena entzutea”. Horregatik, “erabat gomendagarri”tzat jo du ikastaroa eta bertan izena ematera animatu gura izan ditu Ameriketako euskaldunak oro.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Euskal diasporarekin ahozko ondarearekin harreman zuzena duen proiektu berezia da Memoria Bizia. Egunotan, adindunen testigantzak nola batu egokien ari zaie irakasten Pedro J. Oiarzabal ikertzailea diasporako kideei, bertako euskaldunen istorioak galdu ez daitezen. “Egoera paregabean gaude hau egiteko baina Diasporako komunitateekin elkarlana behar dugu horretarako”, esan du Oiarzabalek berak. Irakasle bilbotarrak emaniko ikastaroetako batean izana den Nathalie Urroz-ekin mintzatu da EuskalKultura.com.

-Zergatik erabaki zenuen ikastaro hauetan parte hartzea?

-Lagun batek esan zidan interesgarria izan zitekeela niretzat, betidanik interesatu izan baitzaizkit geure kultura eta historia. Zinez uste dut garrantzitsua dela oso geure zaharren historia eta istorioak ezagutzea. Modu berezian oso herrialde txiki batetik gatozelako, jende askok ezagutzen ez duen herrialde batetik.

-Iragana ezagutzeak etorkizuna hobeto lantzeko tresnak ematen dituela diote.

-Iraganari esker gara garena, bizi dugu bizi duguna eta arnasten dugu arnasten duguna. Horregatik ezin ditugu istorio horiek galtzen utzi. Kultura, hizkuntza eta balore bereziak ditugula uste dut eta horietaz harro egon behar dugu, gainontzekoak beren kulturaz harro dauden moduan.

-Ameriketako euskaldunen ikuspegitik, zergatik uste duzu garrantzitsua dela Memoria Bizia bezalako proiektu bat?

-Komunitateak batzeko balio dezakeela uste dut. Jende berria ezagutzeko, Euskal Etxearekin harreman askorik ez izan arren bere familiaren historia mantendu nahi duen jende berria ezagutzeko aukera eman dit niri.

-Mota honetako lehen esperientzia izan da zuretzat?

-Bai, inoiz ez dut horrelako ezer egiteko aukerarik izan eta benetan merezi duela uste dut. Beti gustatu izan zait gurasoei beren iraganaz galdetzea, baina inoiz ez dut horrelakorik egin eta, duda barik, gehiago egin nahiko nuke.

-Nolakoa izan da ikastaroa?

-Ulertzen oso erraza. [Pedro J. Oiarzabal] Oso tipo azkarra dela argi dago (barre egin du). Garai bateko anekdotak kontatu eta gaur egunean lana zelan egiten duten azaldu digu. Kurtsoan geunden denek argi dugu orain mota honetako elkarrizketak nola egin behar ditugun.

-Animatuko zenituzke Ameriketako beste euskaldunak ikastaroa egiten?

-Duda barik, proiektu eta ideia bikaina da. Oso garrantzitsua da belaunaldi gazteentzat zaharrenek esateko dutena entzutea. Belaunaldi desberdinak harremandu eta harremanak estutzeko bide ederra da.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia