euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Lorenzo de Almagro, Frantzisko Aita Santuaren futbol taldea, euskal ekarpen eta eragin handiduna

2013/05/27

Isidro Langara, niki urdin-gorriz eta futbol zelaian (argazkia El Grafico aldizkaria)
Isidro Langara, niki urdin-gorriz eta futbol zelaian (argazkia El Grafico aldizkaria)

PUBLIZITATEA

San Lorenzo de Almagro Klub Atletikoa dauka izena, baina San Lorenzo gisa ezagutzen dute gehienek. Buenos Aires hirian dauka egoitza eta Argentinako bost futbol talde nagusienetakoa da. Azken hilabeteotan oihartzun berezia lortu du munduan, Frantzisko Aita Santuaren ekipoa baita. Eta bere historia eta ibilbidea aipatzerakoan, euskal lotura handiko taldea dela behar da esan. Datozen lerroen egilea, Guillermo Pascual, San Lorenzoren zale amorratua ez ezik, futbolari buruzko ‘Palabra Santa’ irratsaioko zutabegile eta Pergaminoko ‘San Lorenzo de Almagro’ lagunarteko kide aktiboa ere bada. Eskerrak ematen dizkiogu lerro hauek guretzat idazteagatik.

Guillermo Pascual/Buenos Aires, Argentina. Duela gutxi ‘San Lorenzo de Almagro’ Klub Atletikoko Museora egindako bisita batean, Viejo Gasómetro izenarekin ezaguna den bere futbol zelaiari buruzko istorio osoa jakin nuen. Beste zenbait xehetasun artean, Eduardo Larrandart elkarteko presidente zela erosi zuen instituzioak estadioa eraikitzeko lur eremua eta euskal jatorriko beste presidente baten agintaldian, Pedro Bidegain-enean, altxatu zela komentatu zuen Museoko gidak. Datu hauen aurrean, hauxe galdetu nion: ‘Barkatu, baina San Lorenzoko presidentea izateko euskalduna izan behar al zen?’ Pasarte hau, hori, pasadizo bat bat baino ez da; baina euskaldunen presentzia San Lorenzo Klubaren 105 urteko ibilbide aberatsean ikertzera animatu nau.

San Lorenzo de Almagro-ren estadioaren historia ez da hor bukatzen. Jakina denez, zenbait arazo ekonomiko tarteko, klubak La Plata etorbideko instalazioak galdu zituen 1979an eta egoitzarik gabe ibili zen 14 urtez 1993an Nuevo Gasómetro inauguratu arte. Nuevo Gasometro ezizena da, jakina, zelaiaren izen ofiziala ‘Estadio Pedro Bidegain’ baita. Buenos Aires hiriko Almagro eta Boedo auzoetako ekipoak euskaldunekin dituen loturak agerian geraten hasten dira, eta horixe da datozen lerrotara laburbiltzen saiatuko naizena.

“Eduardo Larrandart eta Pedro Bidegain presidenteen agintaldiak oso garrantzitsuak izan klubarentzat. Haien eskutik heldu zen maila profesionalera. Haien agintaldietan ere, 20. eta 30. hamarkadetan, oso talde segitua bihurtu zen Argentinan zehar eta garrantzitsuenen artean dago gaur egun ere. Larrandart bitan izan zen instituzioko presidente, 1920 eta 1930 urteen artean, guztira, 9 urte. Pedro Bidegain, bere aldetik, bi urtez aritu zen karguan eta epe horretan kideen kopurua hirukoiztu egin zuen. Hain garrantzitsua izan zen bere lana non hainbat hamarkada gerioago, 1993. urtean, estadio berria, ‘Nuevo Gasometro’ delakoa, inauguratu zenean, Pedro Bidegain izena ezarri ziotela bere omenez.

Euskaldunak Zuzendaritzan eta kirol taldeetan

Baina ez ziren Larrandart eta Bidegain euskal jatorriko lehenengo agintariak izan. 1914-1915eko epean Jose Garona izan zen erakundeko burua. Eta euskaldunak ez ziren Zuzendaritzan parte hartzera mugatu. Klubean garatu diren eta gaur egun garatzen diren kirol guztietan gailendu egiten dira euskal abizenak: Jorge Belaunzaran, igeriketan; Adolfo Ibarrondo, tenisean; Francisco Cruchaga, atletismoan; Mario Echarte, xakean; eta pilotan –nola ez dira nabarmenduko euskaldunak kirol honetan– Raúl Goyena eta Jorge Goyeche, adibide batzuk aipatzearren soilik.

Hala ere, euskaldunen aztarna sakonena, dudarik gabe, futbolean aurki daiteke. Euskal jatorriko jokalariek ardura handia izan dute San Lorenzok lortu izan dituen hainbat garaipenetan. Klubeko 10 golegile onenen arteko bi euskaldunak dira: Isidro Lángara, 110 golekin 6. postuan eta Alfredo Carricaberry 103 golekin, 7.ean. Eta ranking-ei erreparatzen badiegu, aipatu behar da hiru euskaldun daudela niki urdin-gorria soinean partida gehien jokatu dituztenen artean: Angel Zubieta (352 partida), Carricaberry (280) eta Arturo Arrieta (273).

Futboleko euskal abizenak

Langara eta Carricaberryz aparte, San Lorenzo taldearen lerroetan euskal jatorriko beste hainbat futbolari aritu izan dira, tartean Enrique eta Pedro Chazarreta, Pedro De Sarrasqueta, Gabriel Uñate, Pedro Etchegaray, Tomás Etchepare, Tomás Beristain, Juan Irigoyen, Rubens Navarro uruguaitarra, Leandro Navarro, Jose eta German Herrera, Fabian Bordagaray, Pablo Zabaleta, Jorge Higuain, Osvaldo Biain,  Gaston Aguirre, Luis Amuchastegui, Ismael Arrese, Gustavo Echaniz, Carlos Lazbal, Jorge Elordi, Patricio Ormazabal txiletarra, Luis Zubizarreta, Hector Almandoz, Juan Baigorria, Federico Basavilbazo, Pedro Larraquy eta beste uruguaitar bat, Emiliano Telechea. Hauen guztien artean 500 bat gol egin dituzte ‘Gauchos de Boedo’ taldearentzat. Eta atezain gisa gailendu zirenen artean, nola ahaztu Agustin Irusta, Cesar Labarre, Atilio Herrera eta Hilario Navarro, esaterako.

Isidro Langara eta Angel Zubieta

Izenak ugari dira baina ez da zenbaki kontu hutsa. Historia polit hunkigarriak ere badaude 105 urte dauzkan ‘pasio’ honetan. Adibidez Isidro Langara eta Angel Zubietaren istorioak oso modu interesgarrian daude elkarri lotuta. Euskal Herrian jaioak ziren biak, gipuzkoarra Langara (Pasaian 1912an jaioa) eta Galdakaoko bizkaitarra bere laguna. Oso gazterik iritsi ziren Espainiako Futbolaren Lehenengo dibisiora, eta baita Espainiako selekziora ere. Izan ere, Langarak 17 gol sartu zituen selekzio harekin partida gutxi batzuetan eta Zubieta taldekide gazteena izango zuen, 17 urte eta 9 hilabeterekin jantzi baitzuen elastikoa. Gerra Zibilak, ordea, norabide aldaketa eragin zuen bi mutikoen bizitzan. 

Langara Errepublikaren aldekoen artean borrokatu zen. Momentu hartan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Selekzioa osatzeko deialdia egin zuen eta Langara eta Zubieta talde hartara bildu ziren. Errefuxiatuentzako dirua biltzeko, bira bat hasi zuen Euskal Selekzioak. Mexikora iristean Bilbo Francoren menpean erori zela jakin zuten jokalariek. Bira bertan behera utzi behar izan zuten. Langara Mexikon geratu zen, Euskadiko selekzioak Mexiko barneko lehiaketan parte hartzeko baimena lortu zuelako. Zubieta, ordea, Argentinara etorri zen San Lorenzo de Almagro taldean sartu eta erretiratu arteko futbol karrera bertan egiteko.

Urte pare bat geroago, Zubietak Langara Argentinara ekartzea aholkatu zien bere klubeko buruzagiei. Eta hala egin zuten. Isidro Langara ‘Ate handitik’ sartu zen klubean. Buenos Airesera iritsi zen egun berean, San Lorenzo River Plate Taldearen kontra neurtuko zen. Portur klubeko buruzagi bat joan zitzaion itxarotera eta lehorreratu bezain pronto eraman zuen estadiora. Aldageletara zuzenean. Lehenengo zatia bulatzen ari zen. Arropaz aldatu eta partidaren bigarren aldian sartu zen. Eta lau gol egin zituen. Zer esan dezakegu… Arrasto handia utzi zuen San Lorenzo-ren zaleen artean.

Zubieta eta Langararena pasadizo bat baino ez da; baina nahikoa gure klubaren historian euskaldunen presentziak izan duen garrantzia adierazteko. Euskaldunek ekarpen handia egin diote taldeari eta laburpen hau bide urratzaile izan daiteke gizon hauek merezi duten omenaldiari begira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia