euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Gure Esku Dago’ deialdi herritarra Diasporaraino iritsi da, ekainaren 8ko Giza kateari begira

2014/04/03

Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko lagunak, 'Gure Esku Dago' logoa eskuan (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko lagunak, 'Gure Esku Dago' logoa eskuan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

‘Gure esku dago’ Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da; proiektuak euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea du helburu, aniztasuna eta partaidetza ezaugarri, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiz. 2013ko ekainean sortu zenetik, hainbat ekintza antolatu ditu herri mugimenduak baina dudarik gabe garrantzitsuena datorren ekainaren 8koa izango da. Egun horretan Durango eta Iruñea elkartuko dituen Giza Kate bat gauzatzera deitzen du. Euskal Diasporatik hainbat jendek bat egingo du deialdiarekin eta Kateari lotuko zaio hainbat herri eta hiritan.

Buenos Aires, Argentina. ‘Gure Esku Dago’ 2013ko ekainaren 8an jaio zen Euskal Herrian, hiru ideia hauek oinarri: "Nazioa gara, Erabakitzeko eskubidea daukagu, Etorkizuna Herri honetako herritarren esku dago". Euskal Herriaren gatazka politikoaren jatorria, erabakitzeko eskubide eza delakoan eta agenda politikoan eta sozialean etengabe egon den aldarrikapen hau ‘prepolitikoa’ dela sinetsiz, ‘Gure Esku Dago’ Dinamika-tik “Herritarrak abian jarri nahi dituzte; atxikimendu pertsonalak metatu eta antolatuz, aurrera egiteko. Eta honela, gehiengo sozial, sindikal politiko eta instituzionalak landuko dituzte, erabakitzeko eskubidearen norabidean”.

Proiektuaren baitan eta ekainaren 8ko Giza Kateari begira mugimenduaren indarra neurtzeko, ekitaldi bat egin zen joan den larunbatean, martxoaren 29an, Bilboko La Casillako Pabilioan. Ekintzak hiru bat mila pertsona bildu zituen, tartean kultura eta kirol arloko izen ezagunak.

Diaspora 'Gure Esku Dago'n

Diasporak ere izan zuen ordezkaririk bertan, antolatzaileen nahi zuten-eta Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen eta euren ondorengoen partaidetza eta engaiamenduaren isla eta lekukotasuna agertu eta jendaurretu. Halaxe taularatu ziren, Diasporako euskaldunen adierazgarri, bi neska gazte, Kristiane Bizkarra eta Olivia Bidaurreta kaliforniarrak, estatubatuarrak izanik Euskal Herrian euskara ikasten eta hobetzen ari direnak, Diaspora ere Euskal Herria dela eta bertatik ere euskalgintzari ekarriak egiten zaizkiola aldarrikatuz euren presentzia eta hitzarekin. 

Eurak eman zioten paso Diasporatik 'Gure Esku Dago'rekin bat eginez jasotako hainbat irudien bilduma zen bideoari, tartean Argentina, Estatu Batuak eta Uruguaiko euskal etxetatik.

[La Casillara bildutakoei Diasporatik jasotako atxikimenduen irudiekin eskaini zitzaien bideoa]

La Casillako ekitaldian Kaliforniako bi gazte hauen partaidetzak islatzen duenez, ‘Gure Esku Dago’ Diasporara ere iritsi da eta Europako zein Amerikako euskal erakunde anitzen babesa du dagoeneko. Facebook-eko kontu bat ere zabaldu da (ikusteko, klik hemen) Dinamikaren ordezkariek urrun dagoen jendearekin kontaktatu ahal izateko, berriak zabaltzeko eta jasotzen diren bideoak eta argazkiak jarraitzaileekin konpartitzeko.

‘Gure Esku Dago’ Diasporan

Facebook bidez ere, ekainaren 8an Giza Katea osatzera animatzen dituzte antolatzaileek Diasporako lagunak. Dinamikaren ordezkari den Jon Camioren esanetan, “Diasporan ere giza kateak sor daitezen ari gara  animatzen. Gurea Durangotik Iruñera izango da, jakina denez, ekainaren 8an. Egun horretan Diasporakoak ere antzekoak egiten animatzen badira, ikaragarria! Dagoeneko baditugu kate bat San Frantziskon, beste bat Boisen, beste bat New Yorken, Buenos Airesen, Txileko Santiagon... hiri batzuk aipatzearren. Eta segitzen dugu eskaintza berrien esperoan. Otsailaren 14an NABOk bilkura bat izan zuen San Frantziskoko Euskal Etxean eta bertan aurkeztu genuen ‘Gure Esku Dago’. Hitzezko aurkezpenak eta aurkezpen bideoak ere oso harrera ona izan zuten. Beraz, NABOren, Cenarrusa Fundazioaren, Renoko Basque Studies Programaren eta euskal etxeetako lagunen laguntzarekin, poliki poliki ari gara antolatzen Diasporak dagokion lekua izan dezan  ‘Gure Esku Dago’ dinamikan", esan digu. 

Argentinan ere

Argentinan ere antzeko moduan ari da zabaltzen ‘Gure Esku Dago’ren berri Argentinan. Izan ere, bertako erakunde batzuek grabatutako bideoak La Casillan egindako ekitaldian proiektatu ziren, munduko beste herrialde askotatik bidalitakoekin batera. Datozen ekimenei begira, proiektuaren Argentinako laguntzaile den Cesar Arrondok jakinarazi digunez, FEVAko Biltzarrean eta ‘Buenos Airesek ospatzen du’ jaialdian aurkeztuko dira Dinamika eta promozio bideoa.

FEVAko bilkurari dagokionez, apirilaren 26an izango da, goizeko 9:30etatik aurrera, Laurak Bat Euskal Etxean. ‘Buenos Aires celebra’ jaialdia, berriz, maiatzaren 11an izango da eta bertan, Estatu Gabeko Nazioen Behatokiaren standean azalduko zaie interesatuei zertan datzan ‘Gure Esku Dago’. Oso jai jendetsua dela aprobetxatuz, egun horretan gonbitea luzatuko zaie Diasporako lagunei ekainaren 8ko Giza Katean parte har dezaten, Buenos Airesen bertan. Asmoa da Buenos Airesetik bat egitea --hiriburuko Kongresu Plazatik, hain zuzen-- eta hemen ere Giza Katea antolatzea, eta ekain arteko egunak baliatzea baita barrualdeko hiri eta herrietan ere antzeko ekimenak har ditzaten, beste hainbat herrietako plaza nagusietan".

-Gure Esku Dago weborria, hemen
-Promozio bideo orokorra, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia