Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bazkidearen Egunaren baitan, ‘Gure Arropa’ erakusketa eratu zuen Etxe Alaik Pehuajoko Eskualdeko Museoan

Bazkidearen Egunaren baitan, ‘Gure Arropa’ erakusketa eratu zuen Etxe Alaik Pehuajoko Eskualdeko Museoan

Erakundearekiko duen engaiamendua saritzeko, Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxea, Buenos Aires probintzian, Bazkidearen Eguna hasi zen ospatzen joan den urtean. Xedea “proiektuak sortzen eta ametsak errealitate bihurtzen dituzten emakume eta gizonei” omenaldi txiki bat egitea da, eurak baitira, euskal etxeko arduradunen esanetan , “erakundearen oinarria eta bihotza”. Bi ekintza antolatu dituzte pehuajotarrek aurtengo Bazkidearen eguna ospatzeko. Alde batetik, Magdalena Mignaburuk sortutako ‘Gure Arropa’ deitu erakusketa. Bestetik, uztailean burutuko duen esker oneko bazkari handi bat.

Pehuajo, Argentina. "Argi dago erakundeen muina, bazkide diren gizon-emakumeak direla. Eta guk esan dezakegu gure bazkideei esker, eta gure bazkideentzat, gure etxea gero eta alaiagoa izango dela”, adierazi zuten duela urtebete Etxe Alai-ko buruzagiek 2011ko ekainean, ‘Euskal Etxeko I. Bazkidearen Eguna’ ospakizuna gauzatu zutenean.

Iaz sortutako proposamenak oso harrera ona izan zuenez, aurten ere euskal etxeko arduradunek erakundeko kideak omentzea erabaki dute. Oraingoan, ordea, omenaldia, euskal etxearen sostegu den komunitate osoari begira gauzatu da. Euskal etxeak sortutako ekimen hau ospatzeko, ‘Gure  Arropa’ erakusketa jarri zuten ikusgai Etxe Alai-ko lagunek herriko Eskualdeko Museoan. Ekintzak, gainera, Udalaren babesa bereganatu du eta Pehuajoko Museoen Egunaren programaren baitan burutu zen.

“Jende asko etorri zen Euskal Herriko jantzi tradizionalak ikustera. Aretoa mukurru beteta egon zen eta jendeak interes handia erakutsi zuen”, adierazi dio euskal etxeko kide den Elida Oroz-ek EuskalKultura.com-i. Ohiko jantziak ikusteko aukera ez ezik, erakusketaren egile den Magdalena Mignabururen azalpenak entzuteko aukera ere izan zuten museoratu zirenek; Mignaburuk berak egin zion harrera publikoari, arropa-modelo bakoitzaren historia eta xehetasunak partekatuz bisitariekin. Erakusketa ekainaren 9tik 12ra garatu zen. Bazkideei Euskal Etxearen esker ona adierazteko ospakizunekin jarraitzeko, uztailean bazkari handi bat egingo dute Etxe Alai-ko lagunek erakundeko bazkide helduena eta gazteena omentze aldera.

Bien bitartean, euskal erakundeko arduradunek gonbidapena luzatu diote komunitate osoari euskal etxean gauzatzen diren proposamen ugarietan parte hartzeko. Gogora dezagun astero yoga, kantu, bateria, ehungintza eta euskara klaseak ematen direla. “Euskara klaseak bi astero, asteartez, izaten ditugu. Trenque Lauquendik Alejandra Bengochea etortzen da irakasle eta oso pozik gaude aukera honekin”, azpimarratu zuen Oroz-ek. Informazio gehiago eskuratzeko, jo euskal etxearen egoitzara, Chile kaleko 540. zenbakian.

-Etxe Alai Euskal Etxea
Chile 540
Pehuajó, Buenos Aires Probintzia
tel: (54) (0) 2396 409685
www.etxealai.com.ar
contacto@etxealai.com

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita