Hemen zaude: Hasiera Albisteak 20.000 lagun Iruñean 15. Korrika errezibitzen; Argentina, Txina, Madril eta Bartzelonan ere ibili da herri lasterketa

20.000 lagun Iruñean 15. Korrika errezibitzen; Argentina, Txina, Madril eta Bartzelonan ere ibili da herri lasterketa

2007/04/02

Iruñeko helmugara iritsi zen atzo Korrika 15, Euskal Herrian zehar hamar egun eta 2.360 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Euria eta hotza izan dira nagusi bidean, baina Iruñeko helmugan 20.000 euskaltzaleen berotasuna zuen zain AEK-k antolaturiko lasterketak, euskararen aldeko eskabidea ozen eta argi egiteko. Iruñean ez ezik, munduko hainbat bazter eta txokotan ere izan du oihartzuna Korrika 15-ek eta Shanghai (Txina), Mar del Plata (Argentina) edo Madril eta Bartzelonak ere euren Korrika propioa izan dute.

Atzo helmugaratu zen Korrika 15 eta Xabier Amuriza eta bere alaba Miren bertsolariak izan ziren lekukoa eraman zuten azkenak. 20.000 euskaltzalek babestu zituzten korrikalariak Iruñean zehar egin beharreko azken kilometroetan, euren beroarekin bidean pasatutako elur, euri eta hotzak ahaztuaraziz. Nafarroan eginiko kilometroetan euskararen ofizialtasunaren eskaria izan zen nagusi. AEK, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, elkarte honek jasaten dituen zailtasunak salatu zituen, 'Euskal Herriko administrazio bakoitzak tratu desberdina' ematen diolako.

Aitziber Sarasola, Nafarroako AEK-ren arduradunak horrela azaldu zuen egoera: 'Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoarekin euskararen erabilera bultzatu eta normalizatzeko lehen pausoak eman dira. EAEn aurrepausoak eman dira, baina hutsune nabariak daude'. Nafarroari dagokionez AEK-k azken hogei urteotan euskaltegien lana aintzat hartuko duen hizkuntz politika berri bat eskatzen etangabe aritu dela gogora arazi du.

Korrika Txinaraino iritsi zeneko edizioa

Antolatzaileen esanetan aurtengo edizioa inoiz izan den Korrikarik 'luzeena eta handiena izan da'. Lasterketak, gainera, Diasporako euskaldun askoren babesa ere jaso du, eta hainbat euskal etxek euren lehendabiziko Korrika antolatzeko aukera izan dute. Horietako bat Shanghaiko Euskal Etxea izan da. Elkarteko kide eta lagun talde batek Txinako hiri honetako kaleetan zehar ttipi-ttapa ibili ziren larunbatean, euren Korrika Egunaz gozatuz. Eklimena Txinaraino heldu den lehen aldia izan da hau, eta ederki heldu ere! Lasterketak aste beteko iraupena izan du, Beijing hiriburan hasi eta Shenzen hirian ere geldialdia egin duelarik. [Ezkerreko irudian Shanghaiko korrikalari batzuk Txinako hiri honetako kaleetan zehar (argazkia Shanghai EE)]

Euskal Etxeko bazkide gazteen taldeak Shanghaiko herritarren atentzioa biziki deitu zuen larunbatean, baina baita poliziarena ere. Hiriko kale jendetsuenetako batean zehar korrika ari zirela polizia gerturatu eta pankarta jaso eta taldea sakabanatzeko 'gonbitea' luzatu zien. Amore eman ordez, euskaldunak sakabanatu egin ziren, bai, baina talde txikiagotan banatu eta Korrikarekin jarraitu zuten --metroan ere ibili ziren-- Euskal Etxearen egoitzara heldu arte. Bertan herri bazkaria egin zuten, euskara eta Shanghaiko euskaldunen alde topa eginez. TV3 telebistako kamerek eta Sergi Vicente kazetariak gertutik jarraitu zuten lasterketa eta bideoa sarean ikusi daiteke, hemen. Beste lasterketak, BasqueHeritage.com-ek dagoeneko jaso dituenak, Mar del Plata (Argentina) edo Madril eta Bartzelonakoak izan dira (Bartzelonako Korrikaren bideo bat ikusteko, jo hona).

Diaspora 'ZiberKorrika'-rekin

Diasporaren parte hartze handia izan duen Korrika 15-aren beste arlo bat 'ZiberKorrika'-rena izan da. 'ZiberKorrika' sarean egiten den lasterketaren bertsio bat da eta bertan kilometro birtualak erosten dituzte parte hartzaileek. Euskal Herriko zein Diasporako elkarte eta lagun askok erosi dute aurten euren kilometroa, euskararen aldeko lasterketari bultzadatxoa ematen laguntzeko asmoz. Munduko toki ugarietatik heldu da laguntza, adibidez Sydneyko Euskal Etxetik (Australia), Suitzako Euskal Etxetik edota Tres Arroyos herriko Hiru Erreka Euskal Etxetik (Argentina). [Eskubiko irudian Bartzelonako Korrikaren irudi bat (argazkia BartzelonaEE)]

ZiberKorrikaren beste sustatzaile batzuk lagun anonimoak dira, Euskal Herritik zein Diasporatik lasterketari laguntza emateko aukera galdu nahi izan ez duten euskaltzaleak. Horrela, 'Ziberkorrika'-k eginiko bidea honoko hirietatik pasa da Euskal Herritik kanpo: Bartzelona, Zaragoza, Zug (Suitza), Madril, London, Newcastle (Ingalaterra), Montreal (Québec), Cork (Irlanda), Vancouver (Kanada), Braunschweig (Alemania), Tandil (Argentina), Salamanca, Edinburgo (Eskozia), Roskilde (Danimarka), Cambridge (Ingalaterra), Vasteras (Suedia), Killaloe (Irlanda), Viña del Mar (Txile), Munich (Alemania), Bialystok (Polonia), La Rochelle (Frantzia) edo Joensuu (Finlandia), besteak beste.


Lotura interesgarriak

Korrika 15
www.korrika.org

Korrika TX1, Txinan egiten den lehendabizikoa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 28an

Madrileko Korrika Diputatuen Kongresuaren paretik igaro zen
BasqueHeritage.com-en argitaratua, 2007ko martxoaren 28an

ENE Saria da Mar del Platako Korrikak darabilen lekukoa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxaoren 27an

Joseba Tapiaren trikiarekin hasiko da Bartzelonako Korrika
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 14ean
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

20.000 lagun Iruñean 15. Korrika errezibitzen; Argentina, Txina, Madril eta Bartzelonan ere ibili da herri lasterketa

Shanghaiko Euskal Etxeko korrikalariak (argazkia Shanghai EE)

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita