euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

102 urterekin hil da AEBetan Pete Heuga, Tahoe Lakuko eskiaren aitzindari euskalduna

2011/05/04

Pete Heuga, ezkerretik hasita bigarrena, 100 urterekin Squaw Valley ski estazioko 2009-2010 denboraldiaren irekieran (argazkia SquawValleyTimes)
Pete Heuga, ezkerretik hasita bigarrena, 100 urterekin Squaw Valley ski estazioko 2009-2010 denboraldiaren irekieran (argazkia SquawValleyTimes)

PUBLIZITATEA

Lake Tahoe eski guneko komunikabideek Pascal 'Pete' Heuga baxenabartarraren heriotzaren berri ematen dute egunotan. Heuga Squaw Valley estazioko aitzindarietako bat izan zen eta pertsona oso ezaguna bertan. 1909an jaio zen Lekunberri-Mendiben eta, bizitzaren aurrean beti izan zuen jarrera baikor eta borrokalariak, hamaika erronkari aurre egiten lagundu zion: amak umea zela emigratu zuen, semea amonarekin utziz; AEBtara bidaia bakarrik egin behar izan zuen; adin txikikoa izanik taberna klandestinoetan lan egin zuen... Bere seme Jimmyk eskian brontzezko domina irabazi zuen Innsbruckeko Joko Olimpikoetan. 96 urterekin, itsu jada, Euskal Herrira bueltatzeko ametsa bete zuen, aitonaren hilobia bisitatzeko Donibane Garazin. Jarraian, SkiingHeritage blogean argitaratu duten profila euskaratu eta laburtu dugu.

Squaw Valley, AEB. Pete (Pascal) Heuga oso familia apaleko seme jaio zen Nafarroa Behereko Lekunberri-Mendiben. Ama ezkongabea zen eta 1917an AEBetara emigratu behar izan zuen, Pascal eta Jean Baptiste semeak amonarekin utzita. 9 urterekin Pascal harakin bezala hasi zen lanean. Lana oso gogorra zen, baina uda haren buruan herriko umerik zailduena zen.

Hurrengo urtean amak AEBetara deitu zuen eta Pascal Eugene Chounet aitaordearen arrantxuan hasi zen lanean, Kaliforniako Bakersfielden. Udan Los Banoseko mendietan ibili zen artzain, eta nahiz eta hasieran lanbideari buruz tutik jakin ez, berehala ikasi zuen otsoak eta sugeak ehizatzen, artaldea babesteko.

16 urterekin Fresnoko taberna klandestino batean hasi zen lanean. Alkoholaren debekuaren urteak ziren, eta kamarero gogor baina adin txikiko bat pagotsa zen jabeentzako: poliziak ezin zuen atxilotu taberna aurkitu eta sarekada bat egiten zuenean. Bost urtez jarraitu zuen lan honetan, baina 21 urterekin, adineko bihurtzean, utzi egin zuen eta Yosemite parkeko hotel batean sukaldari lanean hasi zen.

Han ezagutu zuen 1931an Lucille Dutton eta 1933an ezkondu ziren. Bikotea San Frantziskora joan zen bizitzera eta bertan jaio ziren bi semeak: Robert Pascal Heuga (1939) eta James Frederick Heuga (1943). Bigarren Mundu Gudaren ostean familia Lake Forestera joan zen, Tahoe City ingurura. Harrez gero, bailarotako bizitzaren parte bihurtu ziren. Petek Squaw Valley estazioaren eraikuntzan lagundu zuen eta erretiroa hartu artean estazioko erremonteetan egin zuen lan. Oso alaia eta umoretsua zen eta eskiatzaile guztiek ezagutzen zuten. Ekainean etxean egiten zuen barbakoara 500 lagun biltzen ziren urtero.

Bere seme Jimmy Heuga eskiatzaile bikaina zen eta AEBetako talde olinpikoaren parte ere izan zen. 1964ean brontzezko domina irabazi zuen Innsbruck-eko Joko Olinpikoetan. Baina bere ibilbidea eten egin zen esklerosi anizkoitzarengatik. Hala ere, nolako egurra, halako ezpala, eta Jimmyk gaisotasun hau ikertzeko dirua biltzea bihurtu zuen bizitzako erronka berria. 1984an Heuga Center for Multiple Sclerosis sortu zuen eta egun 10.000 lagundik gora tratatzen dituzte bertan. Bere anaia Bobbyk ere gaisotasun bera du.

Jimmy iaz hil zen, baina aurretik, aitari amets kuttun bat betetzen lagundu zion: Euskal Herrira bueltatzea. 2005ean egin zuten bidaia biek, eta Petek txikitan zaindu zuen aitonaren hilobia bisitatu ahal izan zuen Donibane Garazin.

-Jatorrizko artikulua ingelesez, SkiingHeritage blogean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia