Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldearen kontzertua Santiagon, uztailaren 10ean, eta 13an, Viña-n
Astigarragako Aire Aire trikitixa taldeak Txile bisitatuko du heldu den astean. Ostiralean, uztailaren 10ean, musikajole gazteek Santiago hiriburuko Euzko Etxean joko dute, bertako Itxaropen gaztea taldeko dantzariak emanaldikide. Bertatik
Valparaíso/Viña del Mar-era pasatuko dira, azken herri honetako Cine Arte delakoan kontzertu berri bat eskaintzeko hilaren 13an. Trikitixarekin batera, panderoa, egurrezkoa goilareak eta txalaparta daramatzate eurekin. Entzulegoan dantzan hasi nahi duenak ez du aitzekirik behar izango, haste-hastetik dantza erritmo biziak agindu baitituzte astigarragatarrek.
2009/07/03
Zalantzarik ez da Shanghaiko Euskal Etxekoei ez zaiela irudimena eta ekimena falta egiten dituzten gauzetan. Amaitu berria den ekainean burutu dituzten ekintzen artean Idiazabalgo gazta dastaketa bat egon da, eta baita Txile-Katalunia eta Euskal Herriaren arteko futbol txapelketa triangeluar bat. Biak arrakastatsuak izan dira, euren helburu nagusia bete baitute: ongi pasatzea lagunartean, hurkoekiko harremanak landuz eta Txinan egonik ere bertako ohiturekin batera euren sorterrikoak ere praktikatuz.
2009/07/03
Joan den igandean hasi ziren iristen Kaliforniako Chino herrira eta, astelehenetik aurrera, NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak, haur eta gaztetxoentzat antolatzen duen euskal udalekuko parte dira. Bi astez, ekainaren 29tik uztailaren 14era, euskal giroan bizi izango dira, Ameriketako eta Euskal Herriko irakasle eta begiraleekin, beste neska-mutiko euskal-amerikarren artean lagunak euskal kultura lokarri egiten. Ongi pasa, lagunak egin, euskara eta euskal kulturan urrats berriak eman eta Kaliforniako alde hau ezagutu... Hau bai pagotxa Estatu Batuetako hamaika bazter urrun eta hurbiletatik Udalekura bildutako haur euskal-amerikarrentzat!
2009/07/02
Berria atzo egun hondarrean iritsi zitzaigun Mexikotik, bertatik eta internetez Jaione Arrieta Galarraga euskal mexikar aktiboak kudeatzen duen VascosMexico posta zerrendaren bidez. Getxon jaioa, Jose Maria Basagoitiren bizitza Mexikorekin zinez lotua garatu da, gazterik iritsi baitzen bertara, XIX. mende erdialdean bere aitona Antonio Basagoitik ipinitako bideari jarraiki. Ekonomian pertsona esanguratsua izatearekin batera, Mexikoko euskal presentzia eta komunitatearen alde egindako lanagatik nabarmendu zen.
2009/07/02
Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketaren 32. edizioa Bizkaiko Balmaseda herrian jokatuko da. Hamabi bikoteren arteko lehia izango da. Iazko txapelketa Bartzelonan egin zen eta irabazleak Euskal Herriko ordezkariak izan zirenez, Iñaki Abendibar eta Antonio Vicente, bertakoei tokatzen zaie norgehiagoka nagusiaren antolaketa. Garaiz eta itxuroso ibili dira prestaketa lanetan Balmasedan eta oso garaiz adierazi dituzte egitaraua eta muslarientzat zein laguntzaile etorriko direnentzat prestatutako bestelako ekintzak. Besteak beste egitarau osoa bildu dugu hona.
2009/07/02


